Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Ikastetxe bakoitzak erabakiko du DBH4, Batxilergo eta LHko ikasleak itzuliko diren

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Sindikatuek esan dute ez dagoela baldintzarik maiatzaren 18an ikastetxeak segurtasunez irekitzeko, eta erabakia zentro bakoitzaren esku utzita Jaurlaritzak "arduragabe" jokatu duela salatu dute.

2:27
Gela bat hutsik / EiTB

DBHko 4. mailako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleak datorren astelehenetik aurrera ikasgeletara itzuliko diren ala ez erabakitzeko askatasuna eman die Hezkuntza Sailak ikastetxeei, ikasturtea modu presentzialean amaitzeko, bakoitza bere "hezkuntza-errealitatea"ren arabera.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko iturrien esanetan, ikastetxeek beraiek dakite inork baino hobeto zein ikasle dauden atzeratuago edo aurreratuago eta nor itzuli behar den ikasgeletara lehenago edo geroago.

Gogorarazi dutenez, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak joan den astean iragarri zuen "kritikoak" diren ikasturteetako ikasleak aurrez aurreko prestakuntzara itzuliko direla, ikasturte horiek titulu bat jasotzeko eskubidea ematen dutelako edo ziklo-aldaketa dakartelako, besteak beste. Itzulera hori, baina, babes-neurriak hartuta egingo litzateke, hala nola mahaien artean metro eta erdiko tartea utzita, ikastetxeetan maskarak erabilita eta aisialdirako txandak eginda.

Ikasgeletara itzultzea derrigorrezkoa izango zela zehaztu zuen Uriartek, eta erantsi zuen aparteko inguruabarrak dituzten ikasleak bakarrik geratuko direla salbuetsita.

Hezkuntza Sailak adierazi duenez, HEIZE Euskal Eskola Publikoaren Zuzendaritza Elkarteen Federazioko ordezkariekin egindako bileraren ostean, ikastetxeei aukeratzeko askatasuna ematea erabaki dute, "erantzukidetasun keinu gisa".

Ikastaroak eta itzulera-datak iragarri zituen agerraldi hartan, eta itzulera horretarako "ñabardurak" bere sailak aste honetan hainbat hezkuntza-eragilerekin egingo zituen bileren ostean ezagutuko zirela adierazi zuen sailburuak.

Hori dela eta, HEIZErekin izan ondoren, ikastetxe bakoitzak zein ikasle itzuliko diren erabaki dezala onetsi dute, sailburuak joan den astean iragarri zituen parametro eta data horien barruan.

Gainera, adierazi dutenez, ikastetxeak erabakia hartzen duenean, Hezkuntza Ikuskaritzari azaldu beharko dio zergatik aukeratu duen ikasle jakin batzuk itzultzea eta ez beste batzuk.

Uriarte sailburuak iragarri zuen ikasgeletarako itzulera mailakatuak sindikatuen kritikak eragin zituen neurriaren presagatik. Era berean, sindikatuek ohartarazi zuten langileak ez zirela klasera itzuliko baldintzak negoziatu gabe eta osasuna bermatu gabe.

Ikastolen Federazioak ere zalantzan jarri zuen ikasleen itzulera, eta Kristau Eskolak, itunpeko ikastetxeen elkarte nagusiak, gelak berriz ez irekitzeko eskatu zuen.

Gainera, Ikasleen Sindikatuak klaseetara ez itzultzeko eta greba mugagabea egiteko deia egin zuen, Eusko Jaurlaritzak ikasgeletara itzultzea erabaki zuelako.

Azkenean, ikastetxe bakoitzari ikasturtea nola amaitu erabakitzeko askatasuna ematea erabaki du Hezkuntza Sailak. Exekutiboak aukera emango du, hala erabakitzen badute, eskolak modu telematikoan amaitzeko, errefortzua behar dutenak bakarrik joan daitezen edo ikasle guztiak itzul daitezen.

Sindikatuek "arduragabe" jokatzea leporatu diote Jaurlaritzari

ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuak haserre agertu dira Eusko Jaurlaritzak ikastetxe bakoitzaren esku utzi duelako maiatzaren 18an aurrez aurreko klaseak hastea edo ez. Hezkuntza Saila arduragabekeriaz jokatzen ari dela salatu dute eta asteazkenerako mobilizazioak iragarri dituzte.

Joan den astean aurkeztutako plana "inprobisazioarekin, arinegi eta zehaztasunik gabe" egin duela leporatu diote, eta orain azken erabakia zentro bakoitzaren gainean utzita "arduragabekeriaz" jokatzen ari dela salatu dute.  

"Osasuna bermatzeko neurriak eskaini gabe, ardura guztia ikastetxeen, familien eta ikasleen esku uzten du, bere ardurari uko eginez", kritikatu dute.

"Osasuna bermatzeko neurriak, protokoloak eta irizpide zehatzak biltzen dituen plana egin behar du Hezkuntza Sailak, eta ikastetxe bakoitzari plan hori gauzatzeko baliabideak eman behar dizkio", azpimarratu dute.

Ikastetxeak, eskola ez masibora itzultzeko zain

Hezkuntza Publikoetako Ikastetxeetako Zuzendarien Elkartea, HEIZE, itzulera zehazteko zain dago. Itzulera hori ez da masiboa izango, ikastetxe bakoitzaren beharren eta erabakiaren araberakoa baizik.

Iñigo Salaberria HEIZEko presidenteak adierazi duenez, orain ikastetxeetako eztabaidagaia da aurrez aurreko klaseetarako itzulera.

Horren arabera, itzulera hori nola zehazten den ikusteko zain daude, baita hori posible egiteko hartu beharreko segurtasun neurriei dagokienez ere, COVID-19aren hedapena saihesteko.

Hala ere, ez da "itzulera kolektibo masiboa" izango, "modu ordenatuan" baizik, "ikastetxeek planteatzen dituzten premien arabera".

Sindikatuak hezkuntza-komunitateko beste ordezkari batzuekin (HEIZE, besteak beste) gaur goizeko bileran landu duten gaietako bat izan da ikasgeletara itzultzea.

Erkorekak dio klasera itzultzea ez zela inposizio bat, proposamen bat baizik

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak DBHko 4. mailan, Batxilergoan eta LHn aurrez aurreko prestakuntzara itzultzea hasieratik "proposamen bat" zela azaldu du, hezkuntza-komunitatearekin kontrastatu beharrekoa, eta azken erabakia ikastetxeei dagokiela.

Iñigo Urkullu lehendakariak Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrean esan zuen bere gobernuak "proposamenak" egin zituela hainbat arlotan, eta ez zuela onartzen "gaitzespenik" ustezko erabaki "burutuengatik", hala nola, COVID-19aren pandemiaren ondorioz geletara pixkanaka itzultzeagatik.

Ideia hori bera azpimarratu du astearte honetan Gobernuko bozeramaileak, osasun agintarien gidalerroen arabera "modulazioen menpe" dagoen proposamen bat dela azaltzean, eta hezkuntza-eragileei aurkeztea aurreikusita zegoela adierazi du, horietako batzuekin bilerak egin baitituzte dagoeneko.

"Hezkuntza-mugarri batzuk gainditzeko gertu" dauden ikasleentzat aurrez aurreko prestakuntzara itzultzea babestu du, kasu horietan adituek komenigarritzat jotzen dutelako zuzeneko komunikazioa eta irakasleen "laguntza esplizitua", harreman telematikoaren gainetik.

Hala ere, Gobernuaren proposamena praktikan jartzeko modua ikastetxeen "autonomiaren esku utzi da", azpimarratu du, eta horiei "erantzukizunez jokatzea" eta "ikasleentzat egokiena dena pentsatuz" erabakiak hartzeko eskatu die.

Gai horren inguruan, Nekane Murga Osasun sailburuari esan dio selektibitatea prestatzeko edo hezkuntza-ziklo bat amaitzeko "une erabakigarriei" aurre egiten dieten gazteei aukera hori eman behar zaiela.

Gobernuaren ardura, Murgak gaineratu duenez, kutsatzeko aukerak murrizteko "neurri guztiak jartzea" da, eta familiena, berriz, "banaka baloratzea ea arrazoirik duten semeak klasera joan behar ez duela uste izateko".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta derrigorrezkoa garraio publikoa erabiltzen baduzu.