Gizartea
Koronabirusa
Ikastetxeak maiatzean berriz irekitzearen aurka agertu da Kristau Eskola
Agentziak | Erredakzioa
Ikasgelak "osasun eta segurtasun arrazoiengatik" ez irekitzeko eskatu du, eta baita "ikastetxeek, irakasleek eta ikasleek egindako online lana kontuan izateko ere".
-
Ikasgela bat, hutsik. Argazkia: EFE
Maiatzean ikastetxeak berriz irekitzeko asmoa bertan behera uzteko eskatu dio Kristau Eskolak, Euskadiko itunpeko ikastetxeen elkarte nagusiak, Eusko Jaurlaritzari, eta, nolanahi ere, eskoletarako itzulera Batxilergoko eta Lanbide Heziketako bigarren mailako ikasleetara mugatu dezala, ekainera arte atzeratuz, betiere "behar besteko osasun bermeak emanez gero".
Euskadiko kristau ikastetxeen sarea osatzen duen elkarte horrek 128 ikastetxe biltzen ditu, eta ikasgelak irekitzeko plana berrikusteko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari ohar baten bidez. Izan ere, Batxilergoko 2. mailako ikasleak, Goi Mailako Lanbide Heziketako 1. eta 2. mailakoak eta Oinarrizko eta Erdi mailako Lanbide Heziketako 2. mailakoak datorren astelehenean itzuli beharko lirateke klasera. Astebete beranduago, berriz, DBHko 4. mailako, Batxilergoko 1. mailako eta Erdi Mailako Lanbide Heziketako 1. mailakoak itzuliko lirateke, beti ere, osasun egoerak aukera ematen badu.
Testuinguru horretan, ikasgelak "osasun eta segurtasun arrazoiengatik" ez irekitzeko eskatu du Kristau Eskolak, eta baita "ikastetxeek, irakasleek eta ikasleek egindako online lana kontuan izateko ere".
Ekainean, ordea, ikastetxeen "irekiera mugatua" egiteko aukeraren alde agertu da elkartea, betiere "behar besteko bermeak ematen badira" eta "hezkuntza-eragileekin nahikoa adostasun badago". Dena dela, "deseskalatze prozesuaren hurrengo fase batean" hartu beharreko neurria izango litzateke hori, "eta soilik Batxilergoko eta Lanbide Heziketako 2. mailako ikasleentzat".
Koronabirusaren eraginez, ikastetxeak "benetan kezkatuta" daudela esan du Kristau Eskolak, eta egoera berrira "egun batetik bestera" egokitzeko zentroek "ahalegin handia" egin dutela gogorarazi du. Halaber, ikasturte honetarako aurreikusitako "ikasketa plan osoa" goitik behera moldatu behar izan dutela nabarmendu du.
Horrenbestez, ikasturtea amaitzeko ikastetxeen irekierari buruzko plan bat aurkez dezala eskatu dio elkarte horrek Hezkuntza Sailari, "Osakidetzaren oniritziarekin". Ikasturte honi eta datorrenari begira, plan horrek honako gai hauek zehaztu beharko lituzke, besteak beste: garbiketa eta desinfekzio-neurriak, osasun-neurriak, langileak prestatzeko eta ikasleak eta familiak informatzeko jarraibideak, segurtasun-materialak hornitzeko bermeak, ikastetxeei arreta emateko zerbitzua eta zaintza epidemiologikorako jarraibideak.
Halaber, Hezkuntza Sailak beharrezko jarraibideak eman ditzala eskatu du, "ikastetxeek 2020/2021 ikasturteko lehen hiruhilekoa prestatu ahal izan dezaten", eta datorren ikasturteako "helburuak lortzeko" ikastetxeek "dagozkien egokitzapenak egin ahal izan ditzaten".