Gizartea
Koronabirusa
Birusak adin txikikoengan duen eragina oraindik ez dagoela argi ohartarazi du MOEk
Agentziak | Erredakzioa
Ikastetxeetan higiene-neurriak mantentzeko gaitasunari buruz hausnartzeko eskatu die Munduko Osasun Erakundeak (MOE) zentro horiek ireki nahi dituzten herrialdeei.
-
Irakasle bat, maskara jarrita, gela batean. Argazkia: EFE
Koronabirusak adin txikikoengan duen eragina oraindik ez dagoela argi kontuan izateko eskatu die Tedros Adhanom Ghebreye Munduko Osasun Erakundeko (MOE) zuzendari nagusiak ikastetxeak irekitzeko asmoa duten herrialdeei.
Ildo horretatik, ikastetxe bat irekitzeko erabakia hartu aurretik, inguruan COVID-19 gaitzaren egoera aztertzeko eta zentro horietan higiene-neurriak mantentzeko gaitasunari buruz hausnartzeko eskatu die herrialde horietako agintariei.
Tedrosek prentsaurreko batean gogorarazi duenez, deseskalatze prozesuak hasi ahal izateko, eskualdeek baiezko erantzuna eman behar diete ondorengo galderei: izurritea kontrolpean al dago? osasun-sistemak agerraldi berri bati aurre egin ahalko dio neurriak arintzen direnean? zaintza-sistemak gai al dira kasu positiboak eta haien kontaktuak atzemateko eta artatzeko?
Espainian, deseskalatze prozesuaren 1 fasean sartu diren lurraldeetako ikastetxeak ireki ditzakete, betiere zentroa desinfektatzeko, egokitzeko eta administrazio-funtzioak betetzeko. Horretarako, langileak behar bezala babestuta izan behar dira, bi metroko segurtasun-tartea gorde behar dute eta paperezko dokumentuen erabilera ahalik eta gehien mugatu behar da.
Bestalde, Isabel Celaa Espainiako Hezkuntza eta Lanbide Heziketako ministroak iragarri duenez, ikastetxeek ikasleen kopurua erdira murriztu beharko dute 2020-2021 ikasturtean, eta ikasgela bakoitzeko gehienez 15 ikasle onartu, aurretik koronabirusaren aurkako txertoa iristen ez bada. Kasu horretan, gainera, aurrez aurreko irakaskuntza eta irakaskuntza telematikoa uztartu beharko dute.