Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Tapia: "Ez gaude ospakizunetarako fase batean"

EITB.EUS

Arantxa Tapia sailburuak baieztatu du senideak etxe berean biltzea debekatuta dagoela lehenengo fasean, eta datozen asteetan zuhurtziaz eta arduraz jokatzeko deia egin die herritarrei.

  • Arantxa Tapia ETB2ko 'QMEC' saioan elkarrizketatu dute.

    Arantxa Tapia ETB2ko 'QMEC' saioan elkarrizketatu dute.

Konfinamendutik irteteko 1 fasean sartu dira astelehen honetan Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa. Alabaina, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak ez bezala, fase honi ez dagozkion hainbat murrizketa ezarri ditu eta horrek nahasmena eragin du gizartean.

Polemika gehien etxeetan senideak biltzea debekatzeko erabakiak sortu du; izan ere, etxebizitza batean hamar pertsona batzea galarazita dago, baina posible da hamar lagun terraza batean esertzea.  

ETB2ko 'QMEC' saioan, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapena eta Azpiegitura sailburuak ohartarazi du egungoa ez dela "ospakizunetarako fasea" eta azpimarratu du "birusa berriro zabaltzea ekiditeko" ezarri dituztela murrizketak.

"Ulertzen dugu jendearen haserrea, baina zuhurrak izan behar gara eta urratsak astiro eman behar ditugu. Aste batzuk barru berriro atzera egin behar izatea saihestu nahi dugu. Orain zaintzea tokatzen zaigu", adierazi du.

Horrela justifikatu du Tapiak familiartekoak etxe berean biltzea debekatu izana. Halaber, adineko senideak edo laguntza behar dutenak bisitatzera joatea baimenduta dagoela baieztatu du, pertsona horiek beste udalerri batean bizi badira ere.

Bisitetan prebentzio neurriak hartzea derrigorrezkoa dela eta etxe barruan ere pertsonen arteko segurtasun distantzia mantendu behar dela gogoratu du.

Ordutegien harira ere hainbat kritika jaso ditu Eusko Jaurlaritzak; izan ere, taberna bateko terraza batean egoteko ez du denbora mugarik ezarri, baina, aitzitik, paseatzeko, kirola egiteko edo umeekin kalera irteteko ordutegi zehatzak bete behar dira.  

"Hori horrela da, ez dago ordutegirik terraza batera joateko, baina herritarrei arduraz jokatzeko eskatzeko diegu. Terrazetan ere arauak bete behar dira eta pertsonen arteko distantziak mantendu behar dira, kutsatzeak saihesteko", azaldu du.

Lehenengo fasea maiatzaren 24an amaitu aurretik, Eusko Jaurlaritzaren dekretuan aldaketa gehiago egon daitezkeen galdetuta, sailburuak esan du datuak egunero aztertzen dituztela, eta, beraz, "neurri berriak har litezke, onerako edo txarrerako, pandemiaren eboluzioaren arabera".