Gizartea
KORONABIRUSA
Bilboko Ledesma kaleko tabernek itxi egin dute, terrazetan jendetza pilatu delako
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Kutsatzeak saihesteko pertsonen arteko distantzia bermatzea ezinezkoa zela ikusita, Ledesmako ostalariek tabernak ixtea erabaki dute.
Bilboko Ledesema kaleko zenbait tabernek terrazak jarri dituzte goizean, baina eguerdian jende asko pilatu da eta pertsonen arteko segurtasun-tartea bete ezin zutela ikusita, arratsaldean ixtea erabaki dute.
Bilboko Udalak jakinarazi duenez, ikuskariek 14:00ak aldera egiaztatu dute jende gehiegi zegoela Ledesmako terrazetan eserita. Udaltzaingoaren patruilak bertaratu dira eta bezeroei distantzia zaindu behar dutela gogorazi diete, isunik jarri gabe.
Taberna bateko sarreran ondoko kartela eskegi dute: "Araudiak ezarritako pertsonen arteko distantzia bermatu ezin dugula eta, terraza itxi egin behar izan dugu".
Bilboko beste terraza batzuetan, Alde Zaharrean, adibidez, ez dela arazorik izan zehaztu dute.
Udalak jakinarazi du aurrerantzean patruila finkoak jarriko dituztela terraza asko dauden kale eta zonaldeetan, arauak betetzen direla ziurtatzeko.