Gizartea
KORONABIRUSA
Etxebizitza berean bizi diren pertsonak elkarrekin atera ahalko dira paseatzera
EITB.EUS
Irteera hori umeekin eginez gero, etxe inguruan egin behar da, 12:00etatik 19:00etara, eta ordubetekoa izango da gehienez.
-
Gurasoak haur batekin paseatzen. Irudia: EFE
EAEko dekretua argitaratu ondoren Ertzaintzak eguneratutako irizpideen arabera, 14 urtetik beherako haurrak egunero paseatzera atera ahalko dira, bizikidetza-unitatearekin batera edo heldu arduradun batekin (gehienez ere, hiru haurrekin atera ahal da).
Irteera hori etxe inguruan egingo da, 12:00etatik 19:00etara (5.000 biztanletik beherako udalerrietan izan ezik, horietan ez baita ordutegirik mugatzen).
Arduradun hori guraso, tutore, zaintzaile, hartzaile edo legezko edo izatezko zaintzailea ez den pertsona bat denean, horien aldez aurreko baimena izan beharko du.
Irteera ordubetekoa izango da gehienez, 12:00ak eta 19:00ak bitartean. Erabilera publikoko edozein bide edo espaziotatik ibili ahalko da, baimendutako espazio naturalak eta berdeguneak barne, bizileku-udalerrian bertan edo udalerri mugakidean, eta pertsonarteko distantzia gutxienez bi metrokoa izango da. Ezingo da sartu aire zabaleko haurren jolas-espazioetara, ezta kirol-instalazioetara ere.
Haurrek beren jostailuak erabili ahalko dituzte, familiakoak ez diren bestelako pertsonekin partekatu gabe.
Bizikidetza-unitatetzat hartzen da etxebizitza batean ohikotasunez eta modu iraunkorrean bizi diren pertsonen multzoa.