Gizartea
Koronabirusa
Deskonfinamenduari ekin diote Ipar Euskal Herrian
Agentziak | Erredakzioa
Frantses Estatuak dekretu berezia argitaratu du astelehen-astearteetarako, larrialdi sanitarioko lege berria indarrean sartzen den artean.
-
Baiona. Argazkia: Koldo del Horno.
Frantses Estatuak deseskalatze prozesu oso progresiboa hasi du gaur, astelehenarekin, garraio publikoetan arreta berezia jarrita eta larrialdi sanitarioko lege berria, arrazoi juridikoak tarteko, oraindik indarrean sartu ez dela.
Astelehenetik, garraio publikoan eta geltokietan nahitaezkoa da maskara erabiltzea.
Gainera, garraioez gain, astelehenean nolanahiko saltokiak ireki ahalko dira, tabernak, kafetegiak, jatetxeak eta hotelak izan ezik. Horiek ekain hasierara arte itxaron beharko dute gutxienez.
Herritarrek ez dituzte justifikatu beharko etxetik 100 kilometrora arteko joan-etorriak. Distantzia horretatik aurrera, "ezinbesteko" arrazoi bat eduki beharko da.
Ezingo da bidaia turistikorik egin Schengen eremuko beste europar herrialdeetara, eta Olivier Véran Osasun ministroak esan du oraindik ez dakiela udan egiterik izango diren, epidemiaren eboluzioak zehaztuko baitu hori.
Frantziako Gobernuak gaurdanik jarri nahi zuen indarrean larrialdi sanitarioko egoera luzatuko duen eta deskonfinamendurako baldintzak ezarriko dituen legea, baina ez da posible izan, Kontseilu Konstituzionalak ez baitu eskatu zioten irizpena gaur arte emango.
Eliseoak idatzi batean iragarri duenez, hutsune horren aurrean dekretu bat argitaratu dute astelehen-astearteetarako, legearen neurri nagusiak biltzeko, hala nola bide publikoan eta eremu irekietan egin beharreko bilkuretan hamar pertsonako muga jartzea.
Veranek aurreratu du gaitza duten pertsonen kopurua "neurrigabe" igoz gero konfinamendua gogortzeko neurriak hartu litezkeela hainbat lurraldetan.