Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Bizkaibusek zerbitzuen % 100 berreskuratuko ditu modu progresiboan

eitb.eus

Autobusen edukieraren % 50 bete ahalko da, eta maskarak banatuko dituzte hainbat geltokitan.

  • Bizkaibus

    Autobusen edukieraren % 50 bete ahal izango dute

Konfinamendua arintzeko 1 fasean sartuta, Bizkaibusek alarma-egoera deklaratu aurretik zeuden ordutegi eta maiztasunak berreskuratuko ditu gaurtik, maiatzak 11, aurrera, modu mailakatuan.

Autobusen gehiengo edukiera % 30etik % 50era igoko da, eta EHUren Leioako campusa helmuga duten lineak berreskuratzeko, campusean bertan aurrez aurreko jarduerak berriro hastea erabaki arte itxarongo dute.

Bizkaiko Aldundiko Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko Sailetik esan dutenez, pertsonen artean ahalik eta distantziarik handiena uzteko ahalegina egingo dute: eserita joateko erabilgarri dauden plazen erdiak beteko dira, eta, zutik joateko aldean, bidaiari bi joan beharko dira gehienez metro karratu bakoitzean.

Bizkaibusek segurtasun neurririk "handienak" hartu ditu, eta, hori dela eta, gidariaren lekuaren eta gainerako bidaiarien arteko distantzia fisikoa mantenduko da. Aurreko lehen eserlekuak hutsik utzi beharko dituzte beti bidaiariek.

Aurreko atea itxita egongo da, eta, beraz, atzeko atea erabili beharko da sartu eta irteteko. Autobusak bidalditik bidaldira garbitu eta desinfektatuko dituzte, eta ezingo da eskudirutan ordaindu.

Maskarak

Astelehenetik aurrera, boluntario sare batek 36.000 maskara banatuko ditu Bilboko geltoki intermodalean, Moyuan, Hurtado Ametzagan, Bailenen, Mungiako Paladon, Getxoko Andra Marin, Bizkaia zubian, Durangoko azokan, Santurtzin, Kabiezesen, Gurutzetan eta Galdakaoko ospitalean.