Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Norbere bizitokian eta inguruko herrietan kirola egiten utziko dute EAEn

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

1 fasera "zuhurtzia eta segurtasu plus batez, zorroztasun zientifikoz" igarotzeko neurriak jasotzen dituen dekretua ezagutzera eman du Eusko Jaurlaritzak.

1:40
Txirrindulariek euren ibilbidea luzatu ahalko dute

Eusko Jaurlaritzak korrika, bizikletan ibiltzea, mendira joatea, paseatzea eta antzeko kirol jarduerak egitea baimenduko du norbera bizi den herrian eta ondoko herrietan, astelehen honetan EAE COVID-19agatik ezarritako konfinamendu egoeraren deseskalatze prozesuko 1 fasera igarotzen denetik.

Hala jasotzen du Euskal Autonomia Erkidegoko Buletin Ofizialak argitaratutako dekretuak. Dekretu horretan, Espainiako Gobernuak konfinamendua arintzeko fase honetarako ezarritako neurriak aldatu, zabaldu edo mugatuko dira.

Larunbat honetan bertan iragarri zituen muga horietako batzuk Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako eta Azpiegitura sailburuak Nekane Murga Osasun sailburuak pandemiaren garapenaren berri ematen zuen prentsaurrekoan. Euskadin irizpide "zorrotzagoak" ezarriko direla iragarri zuen Tapiak eta herritarrak bizi diren "udalerri berean bakarrik" mugitu ahalko direla jakinarazi zuen, "salbuespenak salbuespen, Lurralde Historiko berdinean" (Estatuan baimenduta dago norbere lurraldean barruan mugitzea). Dena dela, aktibitate fisikoari dagokionez, dekretuak bai norbere udalerrian bai ondoan daudenetan egitea baimenduko du (beti ere norbere herritik abiatuta).

Dekretuak jasotzen duenez, kirola egin ahal izango da "osasun agintariek ezarritako segurtasun neurriak eta osasun zein higiene neurriak errespetatuz" bai bizilekuan baita ondoko herrietan ere.

Kudeaketa pribatuko kirol instalazioak ireki egin ahal izango dira eta bertara joan ahal izango dute herri horretako biztanleek zein ingurukoek Estaturako jarri diren mugekin. Kiroldegi publikoak, berriz, itxita egongo dira ekainaren 1era arte.

Mugikortasun eta zirkulazio askatasunari dagokienez, dekretuak dio herritarrek hiru Lurralde Historikoen artean mugitu ahal izango dutela "osasun arrazoiengatik, lan arrazoiengatik, etxera itzultzeko, hezkuntza arrazoiengatik, eta bisitak egiteko ere bai, bisitatu behar dena zaintza behar duen adineko bat, dependentziaren bat, desgaitasunen bat edo beharrean dagoen norbait bada; nahiz antzeko arrazoiengatik".

Norbere herrian inolako mugarik gabe ibili ahal izango da (orain arte gehienez kilometro batera arteko paseoak eman zitezkeen).

Era berean, ondoan diren herrien arteko mugikortasuna baimenduko da "jarduera sozioekonomikoak" egiteko, baina "osasun arrazoiak medio, norbere herritik kanpoko mugimenduak ahalik eta gehien mugatzea gomendatzen da".

1 fase honetan itxita egongo dira liburutegiak, museoak eta ikuskizun zein jarduera kulturalak egiten diren lokalak.

Bizi Berri Plana

Dekretuak jasotzen duenez, Espainiako Gobernuaren "normaltasun berrirako trantsiziorako Planean" jasotzen diren konfinamenduaren arintze eta prebentzio neurrien baitan, Eusko Jaurlaritzak Osasun Ministerioarekin adostu du 0 Fasetik 1 Fasera igarotzeko proposamena, Bizi Berri Jaurlaritzaren deseskalatze estrategia zehazten duen planarekin bat eginez.

"Kogobernantzaren filosofiaren baitan egin den akordio honek ia puntu gehienetan bat egiten du Espainiako Gobernuak 1 faserako aurreikusitako neurriekin" dio dekretuak, eta era berean, bien arteko akordioak Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatzeko disposizio bereziak ere jasotzen ditu.

Eusko Jaurlaritzak 1 fasera "zuhurtzia eta segurtasun plus batez, zorroztasun zientifikoz, eta progresibitatearen ikuspegi batekin" igarotzeko neurriak hartu dituela jasotzen du dekretuak.

Estrategia honen oinarria "gertutasun printzipioa eta euskal errealitatearen ezagutza" dela dio testuak, eta "pandemiaren zabalkundeari aurre egiteko irabazitakoa babestea" izan dela helburua, "atzera egiteak neurri gogorragoak hartzea ekar ez dezan".

"Eusko Jaurlaritzak zorroztasunez eta sendotasunez prestatu nahi du hemendik bi astera ebaluatu beharko den 2 fasera igarotzeko bidea. Horregatik, beharrezkoa da azken bi hilabeteotan lortutakoari segurtasunez eustea" dio dekretuak.

"Une honetan, prozesu honen oinarria kasu positiboak ahalik eta azkarren atzeman eta eraginkortasunez isolatzea da, baita kontaktuak identifikatzea ere" eta "lehentasun hori -kasuak zabaltzen ez hastea eta kontaktuak ez deskontrolatzea, da pertsonen arteko mugikortasuna mugatzen duen dekretu honen oinarria" azaltzen du Eusko Jaurlaritzak.

Ezustekoa sare sozialetan

Atzo Eusko Jaurlaritzak 1 faseari EAEn murrizketak ezarriko zizkiola iragarri eta gero, gaia pil-pilean egon da azken ordu hauetan sare sozialetan. Gaur, Euskadi Irratian eta Radio Euskadin egin dizkioten elkarrizketa banatan, Tapia sailburuak, Bizi Berri Planaren koordinatzaile ere izango denak, ukatu egin du Bizkaiko edo Bilboko egoerak kezka berezirik sortzen dienik eta horrek baldintzatu duenik erabaki murriztailea.

Zentzu horretan, eta bihar argitaratuko den dekretuak ere jasotzen duenez, Tapiak esan du Eusko Jaurlaritzak Espainiako Osasun Ministerioari igorri zion dokumentuan deseskalatzea aplikatzeko "unitate geografikoa Euskadi dela" adierazi ziola, "beste gauza bat da pandemiaren garapenaren datuak Lurralde Historikoen arabera, herrien arabera, eta osasun guneen arabera aztertzea"

Dekretuak dioenez, "unitate geografiko hori erabiltzea aholkatzen dute osasun antolaketagatik, mugikortasun arrazoiengatik, Euskadiren ezaugarri geografikoengatik eta garapen epidemiologikoaren inguruko arrazoiengatik".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta derrigorrezkoak garraio publikoa erabiltzen baduzu.