Gizartea
KORONABIRUSA
Aire libreko kultur ekitaldietan ikusleak eserita izatea aztertzen ari da Jaurlaritza
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Urkulluk aurreratu duenez, kultur zentroentzat eta ekitaldientzat lantzen ari diren proposamenean, besteak beste, zinema aretoen edukiera erdira jaistea legoke.
-
BBK Live jaialdia, iaz. Argazkia: Tom Hagen.
EAEko udako kultur ekitaldiei ekainaren 1ean ekitea defendatu du Iñigo Urkullu lehendakariak, Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrean COVID-19ak eragindako krisiaren kudeaketaz azalpenak emateko egin duen agerraldian. Bertan zehaztu duenez, Eusko Jaurlaritzak, hiru aldundiek, hiriburuetako udalek eta Eudel elkartea dokumentu bat adosten ari dira, kultur ekitaldien inguruko neurriak zehazteko. Kultur eragileekin ere, dokumentua partekatzen ari direla gaineratu du.
"Lehentasuna osasun publikoa eta herritarren segurtasuna bermatzea dira. Halaber, kulturaren sektorea ezin dugu sei hilabetez geldirik egotera behartu, ondorioak oso larriak izango liratekeelako", esan du Urkulluk. Mahai gainean duten plangintzak hainbat kultur ekitaldi egitea ahalbidetuko duela esan du lehendakariak.
Aztertzen ari diren irizpide orokorren artean legoke, besteak beste, museoek eta erakusketa-aretoek ekainaren 1ean ateak ireki ahal izatea, edukiera murriztuta eta segurtasun neurri zorrotzak ezarrita.
Arte eszenikoetarako areto itxietan ere edukiera murriztu egingo da, eta ikusleen artean aulkiak hutsik utzi beharko dira, zenbat zehaztu ez badute ere.
Halaber, espazio irekietan egingo diren kultur ekitaldietan ere, edukiera murriztu egingo da, eta ikusleak eserita egongo dira, beharrezko segurtasun tartearekin.
Era berean, zinema-aretoetan erdira jaitsiko da ikusle kopurua, eta gainerako aretoetan bezala, sarrera-irteeretan segurtasun neurri zorrotzak ezarriko dira.
Urkulluk esan duenez, Jaurlaritzako Osasun Departamendua neurriok xehetasunez aztertzen ari da, eta, ondo bidean, datozen egunotan onartuko dute kultur ekitaldientzako irizpideen txostena.