Gizartea
Koronabirusa
COVID-19aren autoebaluazioa eskainiz 'malware'a deskargatzen duen SMS bat zabaldu da
eitb.eus
Espainiako Osasun Ministerioaren eta Carlos III.a Osasun Institutuaren webguneak irudikatzen dituen webgunera darama esteka batek.
-
Espainiako Osasun Ministerioaren webgunea irudikatzen duen orria. Argazkia: OSI
Espainiako Osasun Ministerioa ez da SMSak bidaltzen ari COVID-19aren autoebaluazioa eskainiz. Ministerioaren tokian jarrita, erabiltzaileek esteka sakatu eta ondoren 'malware'a deskargatzea bilatzen dute gaizkileek. Asmo txarretara bideratutako programa edo softwarea da 'malware' deritzona, eta gailuetan (ordenagailua, sakelako telefonoa...) kalte egitea du helburu, tartean erabiltzailearen datuak lapurtzea.
Espainiako Zibersegurtasun Insitutuaren barruan dagoen Internauten Segurtasunerako bulegoak eman du SMS horien berri, eta EiTBko #Koronabuloak ekimenean jaso dugu, koronabirusaren pandemiaren erdian zabaltzen ari diren mezu arriskutsuei aurre egiteko.
Zibersegurtasunarekin lotutako erakundeak jakinarazi duenez, SMSaren igorlearen izena COVID-19 da, eta mezuan agertzen den esteka sakatuz gero, Espainiako Osasun Ministerioaren eta Carlos III.a Osasun Institutuaren webgunea dirudien orri bat agertzen da. Hor, koronabirusaren sintomei buruzko autoebaluazioa egiteko esteka bat sakatu behar dela agertzen da, eta horren bidez deskargatzen da malware-a.
SMSaren testua oso sinplea da: "Realice el test de autoevaluación Covid19 http://xxxxxxxx.net" , eta irekitzen den webgunean "nahikoa datu gaurkotuak dituzten estatistikak agertzen dira, grafikoen kalitatea ona da, eta bertan dauden esteka batzuk Osasun Ministerioaren eta Carlos III.a Osasun Institutuko benetako webguneetara daramate"; ondorioz, erraza da erabiltzaileek "amua" hartzea.
Aholkuak
Internauten Segurtasunerako bulegotik aholkatu dute gailua gaurkotutako antibirus batekin desinfektatu behar dela artxibo maltzurra deskargatu eta exekutatu bada. Ez bada deskargatutako .apk artxiboa exekutatu, nahikoa da artxiboa bera eta SMS mezua ezabatzea.
Hori dela eta, gailuak gaurkotuta eta antibirusarekin babestuta edukitzea gomendatu dute; izan ere, gogorarazi dutenez, zibergaizkileak "alarma egoera aprobetxatzen ari dira erabiltzaileei iruzur egiteko, eta COVID-19arekin lotutako edozer baliatzen dute helburu horrekin".
#OSIaviso. Detectada nueva campaña de SMS¿ que redirige a una web falsa y que utiliza como reclamo una autoevaluación sobre el #COVID19 para descargar un #malware en tu dispositivo. #CiberCOVID19https://t.co/9ncRX1fN3W pic.twitter.com/GvqsFYYGTU
— OSI Seguridad (@osiseguridad) May 6, 2020
Maldita.es atariarekin, VOST Euskadirekin eta Eva Caballerok Radio Euskadin duen La Mecánica del Caracol dibulgazio saioko komunitate zientifikoarekin ari da EiTB elkarlanean koronabirusaren inguruko zurrumurruei aurre egiteko asmoan.