Gizartea
DESESKALATZEA
Zer baimendu dute 1 fasean?
AGENTZIAK
Hurbilekoak ikustea, familian paseatzea (EAEn), hiletetara joatea, erosketak hitzordurik hartu gabe egitea eta terraza batean esertzea dira 1 fasean baimenduta egongo diren neurrietako batzuk.
Astelehen honetan, maiatzak 11, hasiko da EAEn zein Nafarroan, eta Estatuko beste hainbat lurraldetan, konfinamenduaren deseskalatzearen 1 fasea, eta konfinamendua arintzeko neurri berriak ezarriko dira, bai jarduera ekonomikoan baita arlo pribatuan ere.
Egun horretatik aurrera, baimenduta egongo dira, besteak beste, senideak eta lagunak ikustea, ehorzketa eta hiletetara joatea, terraza batean esertzea edo mezatara joatea, baina muga batzuekin. Euskadin, gainera, Estatuan baino irizpide "zorrotzagoak" ezarriko dira; izan ere, udalerritik kanpoko mugikortasuna ahalik eta gehien mugatzea gomendatzen du Eusko Jaurlaritzak.
1 faseak gutxienez maiatzaren 24ra arte iraungo du; epidemiaren bilakaera ona bada, eta Espainiako Gobernuaren "normaltasun berrirako trantsiziorako Planean" jasotako adierazleak betetzen badira, bide onetik doazen lurraldeek 2 fasera igaro ahal izango dute, maiatzaren 25ean.
Hemen dituzue abiatzear den fase berri honen aurrean izan ditzakegun galdera-erantzun batzuk:
- Indarrean jarraituko al dute kalera irteteko ordutegiek?
Bai, baina erkidego bakoitzak moldaketak egin ahal izango ditu eguraldiaren arabera. Bi ordu aurreratu edo atzeratu ahal izango dute irteera ordua.
- Nirea ez den beste lurralde historiko batera joan ahal izango naiz?
Herritarrak Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurralde historikoen artean mugitu ahal izango dira osasun-, lan-, lanbide- edo enpresa-arrazoiengatik; ohiko bizilekura itzultzeko; hezkuntza- eta prestakuntza-arrazoiengatik; adinekoak, mendekoak, desgaituak edo premia-egoeran dauden senitartekoak bisitatzeko, zaintzeko eta artatzeko, bai eta antzeko beste edozein arrazoirengatik ere.
- Nire udalerritik irten ahal izango naiz?
EAEn, herritarrek ez dute mugarik izango euren lurralde historikoan paseatzeko edo kirola egiteko. Beste lurralde historikoetako aldameneko udalerrietan ere egin ahal izango dituzte paseoak, edo kirol-jarduerak, horien arteko zirkulazioa ohikoa izanez gero.
Nafarroan, baimenduta dago Foru Erkidegoko udalerrien arteko mugikortasuna, baimenduta dauden jarduetarako.
- Kirola egin ahalko dut nire udalerritik kanpo?
EAEn, jarduera fisikoa eta kirola egin ahal izango da bizilekua finkatuta dagoen udalerriaren lurralde historikoan, betiere osasun-agintariek ezarritako segurtasun-, osasun- eta higiene-neurriak errespetatuz.
- Familian paseatu al dezaket?
EAEn, familiak elkarrekin irten ahalko dira paseatzera, eta kilometro bateko muga kendu egin da. Herritarrak bizileku duten udalerriaren mugartearen barruan mugi daitezke, distantzia-mugarik gabe. Hori bai, 14 urtetik beherako haurrekin, paseoa etxe inguruan egingo da, eta gehienez ordubeteko iraupena izango du.
Nafarroan eta 1 fasean sartu diren gainontzeko lurraldeetan, orain arte bezala jarraituko du: heldu batek ume bat, bi ume edo hiru atera ahal izango ditu kalera, eta gehienez kilometro bateko mugan ibili.
- Hurbilekoak ikusi ahalko ditut?
EAEn, adinekoak, mendekoak, desgaituak edo premia-egoeran dauden senitartekoak bisitatu ahal izango dira, zaintzeko eta artatzeko, eta lurralde historikoa ez da muga izango. Senideak koronabirusagatik positibo eman badu edo isolamenduan badago, ezin izango dugu bisitatu.
Nafarroan, herritarrek baimena dute hurbilekoak bisitatzeko, koronabirusagatik positibo eman ez badute edo isolamenduan ez badaude.
Hego Euskal Herri osoan, ez da komeni adineko pertsonak edo arrisku-taldeetakoak bisitatzea, COVID-19aren aurrean ahulagoak direlako.
-Ospitalean dauden gaixoak bisitatu ahal izango dira?
EAEn ospitalean dauden gaixoei bisita egiteko aukera izango da, beti ere COVID-19ak kutsatuta ez daudenean. Bisitaria pertsona bakarra izan beharko da eta beti pertsona bera izateko gomendioa egin dute.
- Zenbat pertsona bildu ahalko dira?
Gehienez 10 laguneko bilerak baimenduko dira. Bi metroko segurtasun-tartea zaindu beharko da, eta higiene-arauak errespetatu beharko dituzte, eskuak garbitzea, besteak beste. Segurtasun distantzia gordetzerik ez dagoenean, maskara jarri beharko dute. Beti pertsona berak batzeko eta talde handietan elkartzea saihesteko gomendioa egin dute.
- Non egin ahalko dira bilera horiek?
EAEn, kalean, ez etxeetan. Ez dago denbora mugarik. Etxe barruan ez daude onartuta harreman sozialak talde txikitan.
Nafarroan, bai etxean eta bai kalean.
- Terraza batean eseri ahalko naiz zerbait hartzera?
Bai, baldin eta horretarako tokirik topatzen badut, mahaien % 50 soilik okupatu ahalko dira. Mahaien eta bezero taldeen artean gutxienez bi metroko tartea izan beharko da, eta taldeak ez dira hamar lagunetik gorakoak izango. Horrez gain, mahaiak desinfektatu beharko dira bezero batek erabili ostean eta hurrengoak erabili aurretik, eta ezingo dira erabili ez ohiko kartak ez ezpainzapiak. Ez dago denbora mugarik.
- Zenbat pertsona joan ahalko dira auto berean?
EAEn, etxebizitza berean bizi diren pertsonak ibilgailu berean joan ahal izango dira, eta muga bakarra ibilgailurako baimendurako plaza-kopurua izango da, eta ez da derrigorrezkoa izango maskara erabiltzea.
Nafarroan, bederatzi plazara arteko bilgailu pribatuak (gidaria barne) partekatu ahalko dira, etxe berean ez badira bizi. Eserlekuen lerro bakoitzean, bi pertsona joan ahalko dira, maskara erabilita eta ahalik eta tarterik handiena utzita. Etxe berean bizi badira, muga bakarra ibilgailurako baimendurako plaza-kopurua izango da, eta ez da derrigorrezkoa izango maskara erabiltzea.
- Zer aldaketa egongo dira dendetan?
400 metro karratu baino gutxiagoko saltokiek soilik ireki ahal izango dute, 0 fasean bezala, baina dagoeneko ez da beharrezkoa izango aldez aurreko hitzordurik, ezta banakako arretarik ere. Dendek gehienez ere har ditzaketen bezeroen % 30 hartu ahalko dituzte, gutxienez bi metroko segurtasun-tartea gorde beharko da eta adinekoei lehentasuna emateko ordutegia ezarri beharko da. Horrez gain, egunean bitan lokala desinfektatu beharko dute merkatariek.
- Kaleko merkatuak berriro ireki ahalko dira?
Bai, aire zabaleko merkatuen jarduera itzuliko da kaleetara, udalek hala baimentzen duten kasuan, baina postuen arteko distantziari eta merkatu ibiltariaren mugak errespetatuz, segurtasun-indarrek edukiera behar bezala kontrolatzeko. Ohiko postuen kopurua % 25era mugatuko da, eta gehienezko bezeroen kopurua edukieraren herena izango da.
- 400 metro koadro baino gehiagoko merkataritza-guneak edo dendak irekiko dituzte?
Ez, 1 fasean ezingo dira ireki.
- Lorezaintza zentroak edo landare-mintegiak zabaldu ahal dira?
Bai, azalera erabilgarria edozein izanda ere, baina beti aurretik hitzorduak hartuta.
- Loteria-administrazioak ireki ahal dituzte?
Bai, baina ez merkataritza zentroetan edo parkeetan daudenak eta kanpotik sarrera zuzena eta independentea ez dutenak.
- Baimenduta al daude gaubeilak?
Bai, baina joan daitezkeen senideen kopurua mugatu egingo da: 15 lagunekoa aire zabalean, eta hamarrekoa leku itxietan.
- Hileta eta ehorzketetara joateko aukera egongo da?
Bai, baina muga bat ezarriko da: hilobiratzeko segiziora edo hildakoa erretzeko agurrera gehienez 15 pertsona joan ahalko dira, eta, nahi den kasuan, apaiza ere batu ahalko zaio talde horri.
- Elizara joan ahalko gara?
Bai, gurtza-lekuak 1 fasean irekiko dituzte, baina fededunen joan-etorria heren batera murriztuko da. Leku itxiak izanik, maskara jartzea gomendatzen dute.
- Probintzia berean dagoen bigarren etxebizitzara joateko aukerarik ba al dago?
Bai.
- Igerilekuetan bainu bat hartzeko aukera egongo da?
Ez.
- Gimnasioak ireki ahalko dira?
EAEn ez. Nafarroa eta Estatuko gainontzeko lurraldeetan, berriz, bai kirol instalazioak aire zabalean badira eta jarduerak kontaktu fisikokoak ez badira (tenisa edo atletismoa, esaterako). Ezin dira aldagelak erabili, ezta itxiak diren instalazioak ere.
- Hotel batera joan naiteke?
Lan-arrazoiengatik bakarrik joan ahalko gara EAEko hotel batera.
Nafarroan eta Espainiako Estatuko gainerako erkidegoetan, ordean, probintzia bereko hoteletara joan daitezke. Hotelek eta ostatu turistikoek logela guztiak ireki ahalko dituzte, baina hainbat eremu itxita mantenduta, hala nola, gimnasioak, igerilekuak, "spa" zonaldeak, haur-jolastokiak, egongelak eta zonalde komunak. Jatetxe eta kafetegi zerbitzuak eskaini ditzakete, baina bakarrik bertako bezeroei eta inoiz ez zonalde komunetan.
- Liburutegietara edo museoetara joan naiteke?
EAEn, ez. Nafarroan eta Espainiako Estatuko gainerako erkidegoetan, berriz, bai, baina bakarrik maileguetarako eta irakurketa gelarako. Ezingo dira ordenagailu eta baliabide informatiko publikoak erabili. Museoen kasuan, irekitzen joango dira, baina bisitari kopuruaren heren bat bakarrik baimenduko da, eta ukipen-gailuak, audio-gidak eta eskuorriak debekatuta egongo dira.
- Kultura ekitaldi edo ikuskizunetara joaterik dago?
EAEn, ez. Nafarroan eta Estatuan ekitaldi eta ikuskizun kulturalak hartzen dituzten aretoak zabaldu daitezke, eta baimendutako edukiera heren batekoa izango da. Edozein kasutan, leku itxietan, ezin izango dira 30 pertsona baino gehiago elkartu, eta aire librean badira, gehienez 200 pertsona elkartu ahal izango dira.
- Etxean egiten ari nintzen errehabilitazio lanekin jarraitu ahal izango dut?
Bai.
- IAT egitera edo kontzesionario batera joan ahal izango dut?
Bai, baina beti aurretik hitzordua eskatuta.
- Telelana egiten jarraituko dut?
Espainiako Gobernuak telelana lehenesten jarraituko du, posiblea den kasuetan.
- Berreskuratu ahalko dira desgaitasuna duten pertsonentzako arreta eta lanbide-terapia, errehabilitazio-terapia eta terapia psikosoziala?
Bai, eta egoitzetan bizi ez diren adineko pertsonei ere etxez etxeko arreta eta etengabeko jarraipena eskainiko zaie berriro.
- Zer gertatzen da kirol jarduera profesionalarekin?
Errendimendu Handiko Zentroak zabalduko dituzte. Entrenamenduak egingo dira, baina banakakoak izatea lehenetsiko da. Kirol klubek edo Kirol Elkarte Anonimoek taldekako entrenamenduak egin ahal izango dituzte, baina, gehienez, 10 pertsonarekin. Entrenamenduetan ezin izango da hedabideetako langilerik egon, ezta klubetako laguntzailerik ere.