Gizartea
Italia
'Aita Mari'k segurtasun akatsak dituela ukatu dute ontziaren arduradunek
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Italiako agintariek ontzia atxikita dute Palermoko portuan, asteazkenean egindako ikuskatzean irregulartasun teknikoak antzeman zituztela argudiatuta.
-
Aita Mari ontzia. Artxiboko argazkia: Salbamendu Humanitarioa
Italiako Itsasoko Poliziak 'Aita Mari' erreskate ontzia Palermoko portuan gelditzeko agindua eman zuen atzo, barkua ikuskatzean "hainbat irregulartasun tekniko eta operatibo" atzeman zituztela argudiatuta.
Hutsune horiek tripulazioaren nahiz ontzian doazen pertsona guztien "segurtasuna arriskuan" jar dezaketela ohartarazi zuten. Halaber, itsas ingurumena babesteko araudia urratu izana ere egotzi zioten.
Gaur, Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundeak oharra kaleratu du 'Aita Mari' ontziak segurtasun arazorik ez duela ziurtatuz, detektatu dituzten arazoak "dokumentalak" direla zehaztuz eta ziurtagiri guztiak indarrean dituela azpimarratuz.
"'Aita Mari'k nabigatzen duen bakoitzean eta erreskateak burutzerakoan araudia zorrotz betetzen du", nabarmendu dute.
Gobernuz kanpoko erakundearen esanetan, zortzi ordu eman zuten ontzia ikuskatzen eta antzemandako gabeziak "dokumentalak dira, eta ez dute nabigaziorako arriskurik suposatzen".
Areago, 'Aita Mari'ri leporatzen zaizkion hutsegiteak tamaina handiagoko ontziei soilik aplikatu dakizkiekeela erantsi du. Gauzak horrela, alegazioak aurkeztuko dituztela iragarri du.
Horrez gain, gobernuz kanpoko erakundeekin erabiltzen duten zorroztasun bera giza eskubideak errespetatzen direla bermatzeko eta itsasoan erreskatatutako migratzaileei laguntzeko erabil dezatela eskatu diete agintariei.
Une honetan ziurgabetasuna nagusi dela aitortuta, tramite guztiak ahalik eta azkarren egitea eta Pasaiara itzultzea da 'Aita Mari' ontziko arduradunen asmoa, mantenu lanak egiteko.