Gizartea
Koronabirusa
Erabil al daitezke izpi ultramoreak COVID-19ari aurre egiteko?
eitb.eus
Birusaren aurka eraginkorra ez izateaz gain, argi ultramorea txarra izan daiteke azalarentzat, MOEk ohartarazi duenez, eta adituek diote ez dela gomendagarria etxea desinfektatzeko ere.
-
Osasun-langile bat argi ultramoreko gailu baten funtzionamendua ikuskatzen. Argazkia: Efe
Munduko Osasun Erakundeak (MOE) argi adierazi du ez direla "lanpara ultramoreak erabili behar eskuak edo gorputzeko beste atalak esterilizatzeko koronabirusari aurre egiteko". Era berean, adituek aholkatu dute horrelako lanpararik ez erabiltzea etxebizitza desinfektatzeko ere.
Txinak eremu publiko hutsak desinfektatzeko erabili duen arren, eta Donald Trump AEBetako presidenteak azalaren gainean erabiltzea iradoki bazuen ere, adituak koronabirusari aurre egiteko neurri gisa argi ultramorea erabiltzearen aurka agertu dira.
Munduko Osasun Erakundea oso argia izan da, eta halaxe azaldu du koronabirusarekin lotutako zurrumurru zerrenda batean: "Ez dira lanpara ultramoreak erabili behar eskuak edo gorputzaren beste atalak esterilizatzeko, erradiazio ultramoreak eritemak (azalaren narritadura) sor ditzakeelako".
Espainiako Erizainen Kontseilu Nagusiak ere halaxe adierazi du Twitterren, eta Guadalupe Fontan erizainak ere ohartarazi du erradiazio mota hori duten lanparak "prebentzio neurri egokirik gabe" erabiltzea "kaltegarria" izan daitekeela osasunarentzat eta erredurak eragin ditzakeela. Gainera, azpimarratu du ez duela "azala desinfektatzen".
¿Atención: ¡BULO! #Coronavirus
— Consejo General de Enfermería #QuedateEnCasa (@CGEnfermeria) April 1, 2020
¿¿Desinfecta la luz ultravioleta?
¿La enfermera del CGE @LupeFontan te aclara esta duda en nuestro #NoCoronabulos
¿¿Si quieres consultar si cierta información es cierta o es un bulo, envía tu consulta por twitter con el hashtag #NoCoronabulos pic.twitter.com/ZDvrQHYp8F
Lanparak etxebizitza desinfektatzeko
Gainazalei dagokienez, eta etxebizitzetan koronabirusa deusezteko lanpara horiek erostearen egokitasunaz galdetuta, Monica Berjon Otero Birologia aditu eta Max Planck Institute for Medical Research (Heidelberg, Alemania) zentroko Molekula Biologia langileak "ezezko borobila" helarazi dio Maldita Ciencia-ri.
"Birusa akabatzen duen argi ultramorea kaltegarriegia da guretzat. Hori dela eta, adituek soilik erabil dezakete, eta beharrezko segurtasun neurriekin. Orain gure zelulei kalte egingo ez liekeen UV-C argi bat erabiltzea ari dira aztertzen gainazalak desinfektatzeko, baina horren eraginkortasuna aztertzen ari dira oraindik", azaldu du Berjonek.
Horren harira, Sonia Zuñiga ikertzaileak, CNB-CSICeko Koronabirus Laborategikoak, adierazi duenez, "argi ultramorearen arazoa da esterilizazioa oso azalekoa dela, beraz, birusa dagoen leku batean ia ezinezkoa da birusa erabat deuseztea, beti geratzen da arrastoren bat". Fernando Usera CNB-CSICeko Biosegurtasun Zerbitzuko zientzialariak gaineratu du "argi ultramorea oso germinizida ona" dela, baina ez duela "barneratzeko gaitasunik, hori da arazoa".
Gainazal jakin batzuk soilik
Horregatik guztiagatik, erradiazio mota hori gainazal mota jakin batzuetarako soilik da egokia. Zuñigak azaldu du gainazal "leunetan" erabiltzen dela. "Birusekin lan egiteko fluxu kabinetan argi hori erabiltzen dugu 10-20 minutuz, produktu kimikoren batekin desinfektatu ostean", nabarmendu du.
Userak erradiazio ultramorea sortzeko moduak bereizi ditu. Merkurio iturri batetik sortua bada, egokia izango da material leun eta garbietan, gehienez 90 zentimetroko distantzian eta % 75eko hezetasun erlatiboarekin. Xenonarekin sortutako argi ultramorearen kasuan, askoz indar handiagoa duenez, eragina du bi metro arte, baina ez da barneratzen, beraz, gainazalak leuna eta garbia izan behar du.
Hori horrela, adituak bat datoz eta ez dute uste etxebizitzak desinfektatzeko lanpara ultramoreak erostea egokia denik, arriskutsua ere izan daitekeelako. "MOEk dioen moduan, erradiazio mota hori arriskutsua izan daiteke azalarentzat, begientzat, etab. Etxebizitzak desinfektatzeko onena lixiba, 70ºko alkohola, ura eta xaboia dira. Etxe barruan higiene neurriak mantentzea ere bai: eskuak askotan garbitzea, eztula eta doministikuak ukondoaren barnealdearekin estaltzea...", aholkatu du Userak. MOEk ere ohiko desinfektatzaileen erabilera gomendatzen du.
Euskal Irrati Telebista Maldita.es atariarekin, VOST Euskadirekin eta Eva Caballerok Radio Euskadin duen 'La Mecánica del Caracol' dibulgazio-saioko komunitate zientifikoarekin ari da elkarlanean koronabirusari buruz agertzen diren albiste faltsuei aurre egiteko.