Itxi

Gizartea

Koronabuloak

Ez dago koronabirusa Wuhango laborategi batean sortu zela dioen frogarik

EITB

Zenbait iturriren aburuz, tartean Donald Trump, Mike Pompeo haren Estatu idazkaria edota Luc Montagnier Medikuntza nobela, SARS-CoV-2 birusa artifizialki sortu zuten, baina ez dute frogarik erakutsi.

  • Mike Pompeo (ezkerrean) eta Donald Trump (eskuinean) izan dira ideia hori iradoki duten azkenak.

    Mike Pompeo (ezk.) eta Donald Trump (esk.) izan dira ideia hori azaldu duten azkenak. Argazkia: EiTB

Gaur egun, ez dago SARS-CoV-2 birusa, hots COVID-19 gaitza sortzen duena, Wuhango (Txina) laborategi batean sortu izanaren ebidentzia zientifikorik. Aitzitik, komunitate zientifikoaren eta Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) esanetan, aipatu birusak animalia-jatorria du, ez, ordea, jatorri artifiziala.

Dena dela, hainbat ahotsek adierazi dute koronabirusa gizakiaren sorkuntza bat dela. Teoria hori elikatzen azkenak Donald Trump Estatu Batuetako presidentea eta Mike Pompeo haren Estatu idazkaria izan dira, horretarako "froga handiak" dituztela esanez, baina baieztapen horiek babestuko luketen inolako argibiderik eman gabe.

Hala, ABC News kateari eskainitako elkarrizketa batean, Pompeok adierazi zuen aditurik onenek uste dutela (koronabirusa) "gizakiak egindakoa" dela.

Ordea, elkarrizketatzaileak gogorarazi zion bere jarrera ez zetorrela bat bere herrialdeko Inteligentzia Nazionaleko Zuzendariaren Bulegoak aurretik azaldutakoarekin; izan ere, aipatu bulegoak babestu egin zuen birusa ez zuela gizakiak sortu defendatzen duen "adostasun zientifiko zabala". Horren aurrean, inteligentzia komunitatearen bat etortze horrekin "ados" zegoela adierazi zuen Pompeok, eta ez zuela "zuzena ote den zalantzan jartzeko arrazoirik".

Bideo honetan Pompeok ABC News kateari eskainitako elkarrizketa ikus daiteke:

Bestalde, honako hau Inteligentzia Nazionaleko Zuzendariaren Bulegoaren txioa da, birusa artifizialki sortu ez zela babesten duena:

"Animalia-jatorria", OMEren arabera

AEBko agintarien azken adierazpenen aurrean, Osasunaren Mundu Erakundeak berak (OME) berretsi egin du "froga guztien arabera" animalia-jatorria duela koronabirusak eragindako pandemia globalak. OMEren esanetan, "orain arteko froga guztiek iradokitzen dute birusak animalia-jatorri naturala duela, eta ez dela manipulatu edo fabrikatu".

Erakundeak Europa Press agentziari igorritako adierazpen batean azaldu duenez, birusak gizakienganako jauzia ez zuen zertan saguzar batengandik zuzenean egin behar izan, espezie horrekin kontaktu "mugatua" dagoelako, baizik eta "litekeena" da beste animalia "bitarteko" bat, basatia zein etxekotua, egotea, transmisore gisa.

Pandemiaren jatorria argitzeko "hainbat ikerketa" ireki edo aurreikusi dituztela gogorarazi du OMEk, adibidez, gizakiengan gertatutako lehen kasuak xehetasunez aztertuz eta Wuhan hirian birusa sortu zen lekuetako laginak hartuz, adibidez, merkatuetan edo etxaldeetan.

"OMEk une honetan ez du parte hartzen Txinako ikerketetan", baina ez du baztertzen etorkizunean egitea. Horrela, "nazioarteko kideekin batera lan egiteko prest egongo litzateke, baita, Txinako Gobernuak gonbidatuta, animalien jatorriari buruzko ikerketetan jarduteko ere".

Adituek baztertu egin dute SARS-CoV-2 birusaren jatorri artifiziala

Maldita.es webguneak hainbat aldiz jaso duenez, argitalpen zientifiko ugarik errefusatu dute SARS-CoV-2aren jatorri artifiziala. (Koronabirusaren inguruan sortzen diren albiste faltsuak gezurtatzeko asmoz EITBk martxan jarritako #Koronabuloak ekimena eta Maldita.es elkarlanean ari dira egunotan).

Horrela, koronabirus berriaren krisia gertutik jarraitu duten osasun publikoan adituak diren hainbat zientzialarik ohar bat plazaratu zuten The Lancet agerkarian, egungo koronabirusa "bizitza basatian" sortu zela adierazteko.

Egileek, besteak beste, Bioteknologiako Zentro Nazionaleko Luis Enjuanes, azpimarratzen dute konspirazio-teoriek beldurra, zurrumurruak eta aurreiritziak sortzen dituztela, eta arriskuan jartzen dutela lankidetza globala birusaren aurkako borrokan. Horrez gain, borroka horretan "elkarrekin" gaudela gogorazi dute.

Virological foro zientifikoan agertutako beste artikulu bat ere koronabirus berria laborategi batean sortu izanaren aurka ageri da.

Ildo beretik, Nature Medicine aldizkariko beste argitalpen batean, nazioarteko hainbat zientzialarik irmotasunez adierazi dute beren analisiek garbi erakusten dutela SARS-CoV-2a ez dela laborategiko sorkuntza edo nahita manipulatutako birusa.

Era berean, Albert Bosch Navarro Espainiako Birologia Elkarteko presidenteak hauxe ziurtatu zuen Maldita Ciencia webgunean: "Gauza bera gertatu zen 2002an SARSa, edo 2009an A gripea, H1N1aren aldagai berria, agertu zirenean. Antzeko kasu bat ematen den guztietan beti azaltzen dira sasi-jakintsu batzuk, birusa laborategian sortu dela edota handik ihes egin duela esaten. Dena den, gaur egun dakiguna da, saguzar mota batetik beste mota bateko erdibideko animalia batera pasa zela, eta hortik gizakiengana".

Konspirazio-teoriak

Maldito Buloren laguntzarekin, koronabirusaren ustezko jatorri artifizialari buruzko hainbat konspirazio-teoria gezurtatu ditu Koronabuloak ekimenak:

1- Adibidez, Luc Montagnier Medikuntza Nobel saridunak, hiesa eragiten duen birusa aurkitu zuenak, adierazi zuen koronabirusa Txinako laborategi bateko "istripu industrial" batetik datorrela; alabaina, ezerk ez du bertan kokatzen.

Luc Montagnier, elkarrizketa batean. Argazkia: CNEWS

2- Bere aldetik, Tasuku Honjo Medikuntzako nobelak ez zuen esan COVID-19a gizakiek sortu dutenik, WhatsAppen zebilen mezu kate batek iradokitzen zuen legez. Honjok berak gezurtatu egin zuen bere ahotan jarritakoak.

Tasuku Honjori buruzko WhatsAppeko buloaren irudia. Argazkia: EiTB

3- Bestalde, The Washington Postek ez zuen baieztatu koronabirusa Wuhango laborategi batean sortu zenik, WhatsAppeko beste bulo batek hala zabaldu zuen arren.

Txinako zenbait herritar, maskarak soinean dituztela. Argazkia: EFE

4- Charles Lieber zientzialari estatubatuarra ere ez zuten atxilotu koronabirusa sortu eta Txinari saltzeagatik, nahiz eta YouTubeko bideo batek zioena oso bestelakoa izan. Egia da atxilotu egin zutela, baina leporatzen zitzaizkionak beste delitu batzuk izan ziren.

Charles Lieberren irudia, bere atxiloketari buruz hitz egiten duen bideoan. Argazkia: EITB

5- Azkenik, ez dago ebidentziarik baieztatzeko RAIren bideo batek frogatu egiten duela koronabirusa 2015ean Txinan sortu zela.

WhatsApp bidez zabaldutako RAI kateko programaren bideoaren irudia. Argazkia: EITB

AINTZAT HARTU BEAHRREKO BESTE ZENBAIT DATU:

- Joan zen apirilaren 15ean, Donald Trumpek AEBk OMEri ematen dizkion funtsak bertan behera uztea erabaki zuen, egungo pandemiaren krisia ondo kudeatzen ari ez zela iritzita. "OMEri bideratutako funtsak bertan behera uzteko agindu diot nire Gobernuari, koronabirusaren hedapenean izan duen jokabidea aztertzen dudan bitartean ", iragarri zuen Trumpek. Ameriketako Estatu Batuek urtero 400 eta 500 milioi dolar arteko dirulaguntza ematen diote OMEri.

- Halaber, AEB da COVID-19aren pandemia gogorren jotzen ari den herrialdea. Maiatzaren 5ean, positiboen guztizko kopurua 1.100.000 baino gehiagokoa zen, eta hildakoena 65.068.

- Bukatzeko, gogorarazi behar da azaroaren 3an estatubatuarrak hautestontzietara deituta daudela, euren presidentea nor izango den hautatzeko, eta Trumpek hauteskunde horietan parte hartuko duela karguari eusteko asmoz.

Maldita.es atariarekin ez ezik, VOST Euskadirekin eta Eva Caballerok Radio Euskadin duen La Mecánica del Caracol dibulgazio saioko komunitate zientifikoarekin ere ari da EiTB elkarlanean zurrumurruei aurre egiteko asmoan.

Kontuan izan osasun-agintariek koronabirusaren aurka emandako aholkuak. Koronabirusaren inguruko albiste faltsuen aurrean, egin kasu bakarrik iturri ofizialek ematen dituzten albisteei. Eta zurrumurru, gezur edo albiste faltsu baten susmorik baduzu, idatzi koronabuloak@eitb.eus helbide elektronikora edo bidali WhatsApp bidez mezu bat 600 900 454 telefono zenbakira. Ez diogu inori zuzenean erantzungo, baina oharrak jaso, aztertu, eta faltsuak direla egiaztatuz gero, Koronabuloak webean aireratuko ditugu.