Gizartea
Koronabirusa
"Momentuz" ez dira bisitak baimenduko Gipuzkoako adinekoen egoitzetan
Agentziak | Erredakzioa
Eider Mendoza Gipuzkoako Diputazioko bozeramaileak esan duenez, "momentuz ez ditugu bisitak baimenduko".
-
Adinekoen egoitza baten irudia. Argazkia: EiTB
Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak adierazi duenez, "momentuz" ez dira bisitak baimenduko Gipuzkoako adinekoen egoitzetan, eta, gaineratu du, "egoeraren larritasuna nolakoa den jakinda, egoitzetan dauden pertsonen osasuna bermatzea da garrantzitsuena, eta horretan jarraituko dugu"
Agerraldi telematikoan hitz egin du Mendozak. Gipuzkoak 65 adinekoen egoitza dituela gogoratu du Mendozak, eta horietatik 16 kolpatu dituela COVID-19 koronabirusak. Astelehenera arteko datuei erreparatuta, 14 egoitza daude positibo kasuekin.
Aldundiak koronabirusa adinekoen egoitzetara ez sartzeko "esfortzu itzela" egin duela esan du Diputazioko bozeramaileak, eta "hori ez gertatzeko esfortzu handiena egiten ari gara", gehitu du.
"Oraindik ahal den neurrian etxean geratu behar garen fase baten gaudenez, momentuz ez ditugu bisitak baimenduko. Egoera zaila da egoitzetan dagoen jendearentzat, eta haien familientzat. Hori argi daukagu, baina adineko pertsonen osasuna bermatu nahi izan dugu gauza guztien gainetik, eta horretan tematuta jarraituko dugu", esan du Eider Mendozak.
ELArekin bilera
"Laguntzeko prest" azaldu den ELA sindikatuak Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiarekin batzartzeko egindako eskaerari buruz galdetuta, Mendozak hauxe erantzun du: "Orain laguntzeko prest badaude, ongi etorriak izango dira",baina ez du zehaztu bi aldeka bilduko diren.
"Diputazioa hainbat eragilerekin elkarlanean ibili da hasieratik. Beraz, gure posizioa ez da ezertan aldatzen, eta lagundu nahi duten guztiekin lan egiteko prest gaude, adierazi du bozeramaileak.
Eider Mendozaren ustez, "gu ez gara izan bide ezberdin bat hartu dugunak, beraz, haiek dira justifikatu behar dutenak. Egoera gogorrei guztion arteko elkarlanarekin egiten zaie aurre, eta hasieratik horrekin bat egin ez duenak eta iritziz aldatu duenak argitu beharko du zergatia".