Gizartea
Memoria Historikoa
Gutxienez 253 euskal herritar deportatu zituzten nazien esparruetara
eitb.eus
GOGORA Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren hitzetan, 113 hil ziren, 125 bizirik atera ziren eta ez dakite 15ekin zer gertatu zen.
-
Mauthausenen kontzentrazio-esparrua. Argazkia: Poloniako Atzerri Ministeritza.
Maiatzaren 5ean Mauthausen kontzentrazio-esparruaren askapena oroitzen da, eta, data horrekin bat eginez, GOGORA Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak txosten bat argitaratu du 1940-1945 aldian nazionalsozialisten kontzentrazio-esparruetara deportatutako euskal herritarrei buruz. Txostenean dokumentatzen denez, gutxienez 253 euskal herritar deportatu zituzten, eta horietatik 125 bizirik irten ziren, 113 hil ziren eta ez dakigu 15ekin zer gertatu zen.
Txostena gauzatzeko egindako ikerketatik ondorioztatzen da, gainera, Mauthausenen kontzentrazio-esparrura deportatu zituztela euskal herritar gehienak: deportatu guztien ia erdia eta hildako guztien bi heren (% 65).
Bestalde, deportatutako 10 emakumeren erreferentziazko kontzentrazio-esparrua Ravensbrück izan zen —ia guztiak erresistentzia-egintzen ondorioz deportatu zituzten—. Emakume horietako 4 hil ziren, 2 desagertutzat jo zituzten eta beste 4 bizirik irten ziren.
Ikerketa horri esker jakin dugu deportatutako euskal herritarren kopurua orain arte ezagutzen zena baino handiagoa dela. Txostenak, halaber, hil zirenen kopurua (113) ezagutarazi du, baina komeni da zehaztea bizirik atera zirenen arrasto dokumentalak argi eta garbi zehazten duela bizirik atera zirenetako asko askatu eta hurrengo aste eta hilabeteetan edo urte batzuk geroago hil zirela, esparruak utzitako ondorioen eraginez.
Txosten horren helburu nagusia da Hirugarren Reich-eko kontzentrazio-esparruetara (1940-1945) eraman zituzten euskal herritarren deportazioa argitzea eta biktimen erreparazio morala erraztea. Horretarako, txostenak pertsona horien deportazioaren inguruabarrak modu eskematikoan kokatzen ditu testuinguruan, eta, gainera, deportatutako euskal herritarren errolda eguneratua aurkezten du. Hartara, deportazioaren biktimak ahatz ez daitezen eta euskal gizartearen memoria kolektiboaren parte izatea lortu nahi da.
Txosten horretan sartzen dira Euskadin jaio edo bizi ziren edo erbestean Eusko Jaurlaritzaren babesa jaso zuten eta Hirugarren Reichak okupatutako Europa osoko edozein kontzentrazio-esparrutara edo kartzelatara deportatu zituzten pertsona guztiak.
Ikerketa lana Etxahun Galparsoro Historian lizentziatua EHUn eta Josu Chueca EHUko Historia Garaikideko doktoreak zein Historia Garaikidearen Saileko irakasleak egin dute.