Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Zeintzuk dira 0 fasean baimenduta dauden jarduerak?

Agentziak | Erredakzioa

Konfinamenduaren malgutze prozesuaren 0 fasea astelehen honetan hasi da eta astebete iraungo du.

1:43
400 metro karratu baino txikiagoak diren saltokiek pertsiana irekitzeko aukera izango dute.

Hauek dira konfinamenduaren malgutze prozesuko 0 fasean baimenduta dauden jarduerak:

-Paseoak: herritar guztiak –berrogeialdian daudenak eta sintomak dituztenak kenduta- larunbatetik kalera atera daitezke, egunen behin, gehienez euren bizilekutik kilometro batera.

Bizikide batekin batera joan daitezke eta irteerak ordutegiei jarraituta antolatu behar dira, adinaren arabera: 6:00etatik 10:00etara eta 20:00etatik 23:00etara, 14 eta 70 urte bitartekoak atera daitezke. Haurrak, berriz, 12:00etatik 19:00etara, eta 70 urtetik gorakoek eta mendekotasunak dauzkatenak (hauek zaintzailearekin batera) 10:00etatik 12:00etara eta 19:00etatik 20:00etara atera daitezke.

-Banakako kirola: 6:00etatik 10:00etara eta 20:00etatik 23:00etara atera daitezke bizi diren udalerrian.

5.000 biztanle baino gutxiago duten udalerrietan, paseoek eta kirola egiteko ateraldiek ez dute adinaren araberako denbora tarte berezirik; hori bai, 6:00ak eta 23:00ak artean egin behar dira.

-Familiako baratzetan, autokontsumorako erabiltzen direnetan edo udal-baratzetan lan egitea posiblea da, udalerrian bertan edo inguruko herriren batean daudenean.

-Etxera eramateko enkarguak har ditzaketen jatetxeak eta kafetegiak ireki daitezke: enkarguak telefonoz edo Internet bidez egin behar dira.

-400 metro karraturainoko lokalak lanean hasiko dira aurretik bezeroei hitzordua emanda, eta banakako arreta emango dute (bezero bat, langile bat). Bi metroko gutxieneko distantzia gorde beharko dute eta egunean birritan desinfektatu beharko dira. Gainera, gel hidroalkoholikoa erabailtzeko banagailuak izan beharko dituzte.

65 urtez gorako bezeroek lehentasuna izango dute arretarako ordutegian edo pasilloetan.

Arauari jarraituta, erosketak udalerrian bertan egin behar dira. Hala ere, produktu bat lortzea ezinezkoa denean, inguruko beste udalerri txiki batera joateko baimena dago (udalerri horrek ez du zertan ondo-ondoan egon behar).

-Ile-apaindegiak ireki daitezke, aurretik hitzorduak ematen badituzte.

Fisioterapiako profesionalek, estetika-zentroetakoek eta ile-apaindegietakoak norberaren babeserako ekipamenduak jantzi beharko dituzte eta bezeroen artean gutxienez 2 metroko distantzia egotea bermatu behar dute.

-Kirolari profesionalek banaka entrenatu ahal dute, kanpoan, eta euren probintzietan.

Egokitutako kirolean edo kirol paralinpikoan aritzen direnak beste kirolari batekin batera entrenatu dezakete.

Kasu bietan, entrenatzaile bat presente egon daiteke, baina ezin izango da 2 metro baino gutxiagoko distantziara egon eta maskara jarri beharko du.

Kirola egiteko bizikletak edo patinak erabiltzen direnean, segurtasuneko distantzia 10 metrokoa izango da.

Bestalde, federatuta dauden kirolariak banaka entrenatu daitezke, kanpoan eta egunean birritan, 6:00etatik 10:00etara eta 20:00etatik 23:00etara, beti ere udalerritik atera gabe eta entrenatzailerik gabe.

-Artxiboek aterak ireki ditzakete, baina zerbitzua telematikoki emango dute nagusiki. Hori bai, ezinbestekoa den kasuetan, herritarrek aurrez aurreko zerbitzua eskatu ahal izango dute, 10 dokumentuko mugarekin.

-Fase honetan derrigorrezkoa da maskara erabiltzea garraio publikoetan (autobusa, trena, metroa, itsas-garraioa, aire-garraioa eta taxia), eta gomendagarria da etxetik kanpo egiten den edozein jarduetarako.

IKUSI HEMEN 1 FASEAN BAIMENDUTAKO JARDUERAK

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta/edo  garraio publikoa erabiltzen baduzu. Dena dela, horien erabilera ez da derrigorrezkoa.