Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Gaitza berragertzeko aukera "handia" dela uste du Simonek, baina kontrolatuago

AGENTZIAK| ERREDAKZIOA

"Uste dut eragin txikiagoa izango duela, baino guztiok egiten dugunaren araberakoa izango da" esan du. Datozen hilabeteetan talde-immunitate handia lortzea zaila izango dela ere gaineratu du.

  • Fernando Simon gaur, eguneroko agerraldian.

    Fernando Simon gaur, eguneroko agerraldian. Argazkia: EFE

Fernando Simon Espainiako Osasun Larrialdien Koordinaziorako Zentroaren zuzendariak adierazi duenez, epidemia berragertzeko aukera "handia" da, baina bigarren olde bat badago udazkenean, "kontrolatuagoa" izango dela uste du.

Egunero koronabirusaren garapena aztertzeko egiten duten bileraren ondoren ematen duen prentsaurrekoan, Simonek esan du "egon daitezkeen berragertzeekin" sistema ez dela iritsiko "izan dugun muturreko egoerara", "gaur egun ditugun kontrol mekanismoei eta egiten ari den lanari esker".

Udazkenean bigarren olde hori izango den edo ez, ez dakitela argitu du adituk baina sistema balizko berragertze horiek "azkar kontrolatzeko esfortzua" egiten ari dela, eta horrela, bigarren olde epidemiko bat gertatuko balitz "eragina askoz ere txikiagoa" izango litzatekeela.

"Uste dut kontrolatuagoa izango dela, baina guztiok egiten dugunaren araberakoa izango da" gaineratu du Simonek. Izan ere, herritarren jokaerak "gaitzaren transmisioa erraztu edo zailtzen" duela gogorarazi du.

Talde-immunitatea eta ingurugiroaren kutsadura

Espainian talde-immunitatea txertoa atera aurretik iritsi ote daitekeenari buruz galdetuta, Simonek esan du "oso zaila" litzatekeela datozen hilabeteetan arriskutik kanpo egoteko beharko litzatekeen talde-immunitate hori "behar bezain altua" izatea, "transmisioa kontrolatzea lortu baita".

"Inozoa litzateke talde-immunitateak salbatuko gaituela pentsatzea" nabarmendu du. Izan ere, denbora honetan herritarren %67-70 kutsatuta izatea esan nahi bailuke talde-immunitatea lortzeak. Eta puntu horretan, gogoratu du aste honetan hasi diren immunitatea ikerketen bidez jakingo dela birusaz kutsatuta egon diren herritarren zenbatekoa, baina orain arteko ikerketak eskuan, "birusa edukitzeak ematen duen immunitate maila eta zenbat irauten duen" ez dagoela frogatuta ere ohartarazi du.

Horregatik, gaitza talde-immunitate bidez garaitzea pentsatzea "akatsa" litzatekeela esan du.

Airearen kalitatea eta koronabirusaren intzidentziaren artean egon daitekeen harremana aztertu duten ikerketa batzuen inguruan, Simonek adierazi du "oinarri bat duten baina interpretatzen errazak ez diren ikerketak" direla.

"Airearen kalitatearen arabera birusak gehiago bizi daitezkeela dioten hipotesiak daude. Hipotesi sendoak dira baina maila indibidualean, azken egiaztapena falta da" argudiatu du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, edo eta garraio publikoa erabiltzen baduzu. Dena dela, horien erabilera ez da derrigorrezkoa.