Gizartea
KORONABIRUSA
10 hildako eta 65 positibo berri Hego Euskal Herrian azken orduotan, COVID-19agatik
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
PCR bidez atzemandako positiboak dira horiek. Espainian 164 pertsona hil dira eta laugarren eguna da, jarraian, 300 heriotza baino gutxiago gertatzen direla.
Euskal Autonomia Erkidegoan zortzi pertsona hil dira azken orduotan koronabirusarekin. Beraz, 1.329 dira hildakoak pandemia hasi zenetik.
Espainiako Osasun Ministerioak atzoko 21:00ak arte jasotako datuen arabera, 51 positibo berri atzeman dira azken orduetan PCR proben bidez (proba honek detektatzen du pertsona batek une horretan bertan birusa duen ala gaixo dagoen). 12.938 diagnostiko positibo izan dira orain arte proba horiekin (% 0,4ko igoera azken 24 orduetan).
Eusko Jaurlaritzako Osasun departamentuak gaineratu du beste 44 kasu atzeman dituztela "test azkarren" bidez (proba horrek hartutako immunitatea edo pertsona batek sortutako antigorputzak neurtzen ditu, eta iraganeko infekzio bat adieraz dezake).
33 lagun gehiago ospitalizatu dituzte (guztira 6.692 pertsona egon dira ospitaleratuta uneren batean) eta bi pertsona ZIUn sartu dituzte (553 igaro dira uneren batean ZIUtik).
Gaur egun, 614 pertsona daude ospitaleratuta, horietatik 524 solairuko geletan eta 90 ZIUn.
Altak eta sendatuak, berriz, 219 izan dira (12.024 pandemia hasi zenetik).
Bi hildako eta 14 kutsatu berri Nafarroan
Azken 24 orduetan 14 PCR test positibo izan dira Nafarroan (4.902 kasu dira jada proba horiekin diagnostikatuak) eta bi pertsona hil dira koronabirusarekin. Hala, jada 462 pertsona hil dira Nafarroan, pandemia hasi zenetik.
Test azkar bidez 2 pertsona gehiagok eman dutela positibo jakinarazi du Nafarroako Gobernuak.
Espainiako Osasun Ministerioaren datuen arabera, 7 pertsona ospitaleratu zituzten atzo eta pertsona bat ZIUn sartu zuten (guztira 1.986 nafar egon dira ospitaleratuta uneren batean, horietatik 133 Zainketa Berezien Unitatean).
Hildakoen kopurua 164ra jaitsi da Espainian
Koronabirusarekin hildakoen eta kutsatuen kopurua nabarmen jaitsi da Espainian ere azken 24 orduetan. Atzo 164 pertsona hil ziren eta laugarren eguna da, jarraian, 300 heriotza baino gutxiago gertatzen direla. Guztira, 25.264 pertsona hil dira.
PCR bidez baieztatutako kasu berriak 838 izan dira (217.466 guztira).
1.654 pertsona sendatu dira, gainera, azken orduotan. Beraz, 118.902 pertsonak lortu dute jada gaitza gainditzea.