Gizartea
KORONABIRUSA
Murgak, jende pilaketekin kezkatuta, norbere babeserako neurriak hartzeko eskatu du
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
"Guztia ezin da instituzioetatik etorri. Jendeari eskatzen diot kontziente izan dadila kirola egiteko erakargarrienak diren toki horietara joateak duen arriskuaz" ohartarazi du Osasun sailburuak.
-
Nekane Murga larunbat honetan eman duen prentsaurrekoan. Argazkia: EiTB
Paseoak eta kirola egitea posible izan den lehen egun honetan, Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua kezkatuta agertu da EAEko zenbait tokitan ikusi diren jende pilaketekin eta "kontaktuak nahiz kutsatzeak ekiditeko norberak ze jarduera egin behar dituen ondo pentsatzeko eta neurriak hartzeko" eskatu du Murgak eguerdian koronabirusaren inguruko eguneko datuak emateko egin ohi duten prentsaurrekoan.
Larunbat honetan, jendetza irten dela kalera kirola egitea ikusita, eta hiri handietan, batez ere, ikusi diren irudien inguruan galdetuta, Murgak onartu du kezka eragiten diola "jende asko elkartzeak" baina Eudelekin zein bestelako instituzioekin harremanetan daudela gaineratu du, eta udal bakoitzak "balorazio zehatza" egingo duela egoera hobetzeko.
Hala ere, garbi utzi du herritar bakoitzak duen ardura pandemia eskuetatik joan ez dadin: "Guztia ezin da instituzioetatik etorri. Jendeari eskatzen diot kontziente izan dadila paseatzeko edo kirola egiteko erakargarrienak diren toki horietara joateak duen arriskuaz. Guztion artean arrisku gehiago izan dezaketen guneak egotea saihestu behar dugu eta gutako bakoitzak pentsatu behar du nola txikitu dezakegun kontaktua eta kutsatzea sortzea" ohartarazi du.
Sentsibilizazio kanpaina
Osasun Sailak eta Osakidetzak euskal herritarrei zuzendutako sentsibilizazio-kanpaina berria jarri dute abian. Osasun Sailburuak gogoratu du "erne egoten jarraitu behar dugula" eta etorkizuna gaur egun dugun jokabideak baldintzatuko duela.
Kanpaina honetan urruntze soziala errespetatzeko beharra azpimarratzen da, horrek birusa hedatzea ekidingo duelako. Kanpainaren lema honako hau da: "2 metro, batzen gaituen distantzia"
Inola ere ez dugu hainbat neurri hartzea ahaztu behar, adibidez, eskuetako higienea zaintzea, ohiko kontaktu-azalerak ez ukitzea. Gainera, segurtasun-distantzia gorde ezin den leku itxietan maskara erabiltzea gomendatzen da. Azkenik, pertsona batek sintomak baditu, bakartu eta osasun-zentrora hots egin behar duela gogorarazten da.
Kanpaina honen bitartez, neurriak hartzeak duen garrantziaz ohartarazi nahi zaie herritarrei.