Gizartea
Koronabirusa
Arabako ESIan osasun-langileen babes-materiala berrerabiltzeari uzteko agindu dute
Agentziak | Erredakzioa
Administrazioak "langileak babesteko duen betebehar legala" azpimarratzen du epaiak, eta osasun arloko profesionalei "beharrezko prebentzio-baliabide egokiak lehenbailehen ematea" eskatzen du.
-
Txagorritxuko Ospitalea. Argazkia: EFE
Arabako Erakunde Sanitario Integratuan lan egiten duten osasun arloko profesionalek maskarak eta txabusina iragazgaitzak berrerabiltzeari uzteko agindu du Arabako epaitegi batek, baita "agintari eskudunek haien erabilerari buruz ezarritako argibide eta gomendioetatik kanpo dauden jokabideak berehala eteteko ere".
Satse sindikatuak ohar baten bidez jakinarazi duenez, epaitegi horrek bere eskaera onartu du, eta "epaiak onartzen du lan-osasuna ez dela negoziatzen, ezta merkatuko arrazoietara baldintzatzen ere".
Gainera, Administrazioak "langileak babesteko duen betebehar legala" azpimarratzen du epaiak, eta, ondorioz, osasun arloko profesionalei "beharrezko prebentzio-baliabide egokiak lehenbailehen ematea" eskatzen du, "haien lana gutxieneko segurtasun-baldintzak betez egin dezaten".
Satseren esanetan, "babes-materialak berrerabiltzeari, deskontaminatzeari edo berriz esterilizatzeari buruz agintari eskudunek ezarritako argibideei eta/edo gomendioei nahitaez jarraitzea" eskatzen du epaitegiak, "material horien eraginkortasuna eta babes-ahalmena inoiz gal ez dadin".
Sindikatuaren arabera, babes-neurriei dagokienez "osasun-krisi honetan profesionalek jasaten dituzten etengabeko gabeziak" salatzen jarraituko ditu.
Ildo horretatik, bat egiten du epaiaren azken paragrafoarekin, non epaileak "egoera honekin amaitzea" espero duela adierazten duen, eta bere "txalorik zintzoena" helarazten die "oro har lanean ari diren kolektibo guztiei, eta, bereziki, osasun arlokoei, egun hauetan gure osasuna bermatzen baitute".