Gizartea
KORONABIRUSA
19 hildako EAEn eta 16 Nafarroan azken orduetan COVID-19aren ondorioz
EITB.EUS
500 pertsona sendatu dira azken orduetan Euskadin, eta 104 Nafarroan.
COVID-19ak eragindako pandemiaren ondorioz, 19 pertsona hil dira EAEn azken orduetan. Gaur arte 1.274 pertsona hil dira EAEn; beraz, bosgarren egunez jarraian, 20 lagun baino gutxiago hil dira Euskal Autonomia Erkidegoan.
Pandemia hasi zenetik 12.619 pertsona kutsatu dira, atzo 55 positibo eman ostean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak asteazken honetan jakitera eman duenez. PCR bidez baieztatutako positibo berriak 55 izan dira; beraz, PCR bidez zenbatutakoak 12.619 dira. Test azkar bidez antzemandako kasu berriak 483 izan dira.
Euskadin guztira, 90.749 PCR eta 40.924 test azkar egin dira. Atzoko 20:00ak arte, 10.662 proba egin zituzten, daturik altuena orain arte.
Halaber, osasun-krisia hasi zenetik 10.474 gaixo sendatu dira; horietatik 500, azken orduetan.
686 pertsona ospitaleratuta daude (atzo baino 42 gutxiago); horietatik 104 zainketa intentsiboetako unitateetan daude eta 579 solairuko geletan.
Datuak lurraldez lurralde aztertuta, 3.864 positibo daude Araban (137 ospitaleratuta), 8.607 Bizkaian (393 ospitaleratuta) eta 2.667 Gipuzkoan (1531 ospitaleratuta).
Nafarroan, 35 kasu positibo gehiago zenbatu dituzte azken 24 orduetan (pandemia hasi zenetik, 4.794) eta 16 hildako, Nafarroako Gobernuaren datuen arabera.
Guztira, 448 pertsona hil dira Nafarroan, % 69,4 (311) ospitalean eta % 30,6 (137) ospitalez kanpo. 448 hildakoen adin-tartea 26 eta 107 urte bitartekoa da, baina batez besteko adina 83 urtekoa da.
Pandemia hasi zenetik 5.884 pertsona kutsatu dira; horietatik, 4.794 PCR bidez eta 1.090 antigorputzen testen bidez antzeman dituzte. Osasun-profesionalei dagokienez, 785 dira orain arte kutsatutakoak (% 72 zentro publikoetan eta % 28 pribatuetan); horrek esan nahi du 15.000 pertsona inguruko talde batean baten % 5,2a kutsatu direla, eta horietatik % 59k jaso dute alta.
Bestalde, epidemia hasi zenetik 130 pertsona sartu behar izan dituzte zainketa intentsiboetako unitatean, eta kopuru hori ez da aldatu aste honetako datuekin alderatuta.
Nafarroako ospitaleetan, 1.951 pertsona ospitaleratu dituzte, bezperan baino sei gehiago.
Baieztatutako 3.354 kasu aktiboetatik, % 52 (3.084) etxean ari dira gaixotasuna pasatzen, % 2,9 (172) ospitaleratuta daude, % 0,9 (55) etxeko ospitaleratzean, eta % 0,7 (43) zainketa intentsiboetan daude.
Sendatutako gaixoak, berriz, guztira, 2.082 dira; hau da, bezperan baino 104 pertsona gehiago.
Ipar Euskal Herria
Ipar Euskal Herriko egoera zein den zehaztea, berriz, ez da erraza. Agintariek ez dute Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoari buruzko datu ofizialik ematen. Pirinio Atlantikoko eta Akitania Berriko datuak soilik eskaintzen dituzte.
Franck Dolosor ETBko kazetariak bildutako informazioaren arabera, COVID-19 gaitzarengatik Pirinio Atlantikoetan 299 kasu daude, 634 ospitaleratu dituzte, 5 suspertze zerbitzuetan eta 149 sendatu dira. Guztira, 23 hildako eta 16 hildako gehiago izan dira zaharren egoitzetan.
Akitania Berrian 4.582 kasu (29 gehiago) zenbatu dituzte, 716 pertsona (bost gutxiago) ospitaleratuta daude, 126 (bi gutxiago) suspertze zerbitzuan daude, 1.315 (13 gehiago) pertsona osatu dira. 302 pertsona (bat gehiago) hil dira eta 109 (lau gehiago) zaharren egoitzetan zendu dira.
Joan den apirilaren 27an jakin zen orain arte 10 pertsona hil direla Baionako ospitalean, horien artean Landetako bi pertsona, eta artatutako gaixoen % 30 hortik datorrela.
Osasun krisia hasi zenetik 127 koronabirus kasu artatu dituzte Baionako ospitalean, 53 ospitaleratuta zeuden apirilaren 27an eta 74 etxera itzuli ahal izan dira.
Bestalde, Paueko ospitalean gutxienez bi pertsona hil dira.
Espainian, heriotzen gorakada txiki bat izan da
Koronabirusaren ondorioz, 212.917 pertsona kutsatu dira Espainian, hau da, asteartean baino 2.144 gehiago, Osasun Ministerioak asteazkenean emandako datuen arabera. Guztira 24.275 pertsona hil dira (325 gehiago azken 24 orduetan) eta 108.947 sendatu (6.399 gehiago). Gainera, 39.230 osasun-langile kutsatu dira COVID-19arekin epidemia hasi zenetik.
Hala, eguneko heriotzen kopuruak gora egin du apur bat, atzoko datuekin alderatuta, orduan 301 heriotza izan baitziren. Positibo kasuek ere gora egin dute, astearteko datuekin alderatuta, 1.308 kasu berri zenbatu baitituzte.