Gizartea
Koronabirusa
Maiatzaren 11n denda guztiak ireki ahal izango dituzte Ipar Euskal Herrian
agentziak | erredakzioa
Ostalaritzak, ordea, itxaron egin beharko du. Egun horretan haur hezkuntzako eta lehen hezkuntzako ikasleak eskolara itzultzen hasiko dira, eta hurrengo astean, bigarren hezkuntzakoak.
-
Liburudenda Ipar Euskal Herrian. Argazkia: EiTB
Merkataritza sektoreak ateak irekiko ditu maiatzaren 11n Frantziako estatuan, orduan hasiko baita koronabirusaren deseskalatzea deritzona. Haurrak ere egun horretatik aurrera hasiko dira ikasgeletara itzultzen. Jatetxe eta tabernek, berriz, gehiago itxaron beharko dute.
Edouard Philippe Frantziako lehen ministroak Asanblada Nazionalean iragarri duenez, dendek bezeroen arteko metro bateko distantzia zaindu beharko dute, eta horretarako mugatu egin beharko dute establezimendu barruko bezero kopurua.
Ikastetxeei dagokienez, haur hezkuntzako eta lehen hezkuntzako ikasleak maiatzaren 11n bertan hasiko dira eskolara itzultzen, eta bigarren hezkuntzako lehenengo bi mailetako ikasleen itzulera maiatzaren 18an hasiko da. Bigarren hezkuntzako azken bi mailetako eta batxilergoko ikasleen kasua maiatza bukaeran aztertuko dute.