Gizartea
Koronabirusa
Garraio publikoetan maskarak derrigorrez erabiltzea proposatu du Eusko Jaurlaritzak
Agentziak | Erredakzioa
Alarma egoera amaitzen denean erabiltzaile kopuruak gora egitea espero da, eta kutsatzeak eragozteko babes-neurri bezala proposatu dute maskaren erabilera.
-
Gasteizko tranbia. Argazkia: EiTB
Eusko Jaurlaritzak Euskadiko garraio publikoetan maskarak derrigorrez erabiltzea proposatu du, alarma egoera amaitzen denean erabiltzaileen gorakada aurreikusten baitute, eta kutsatzeak eragozteko babes-neurri egokia dela uste duelako.
Proposamena Jaurlaritzak Euskadiko Garraio Agintaritzarekin astelehen honetan izandako bileran mahaigaineratu du, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuak bideokonferentziaz eskainitako prentsaurrekoan jakinarazi duenez.
Berritasuna da aurki abian jarriko diren hiru jokabide proposatu direla, horietako bat garraio publikoetan maskarak derrigorrez erabiltzearena, espazio itxiak baitira, eta erabiltzaileen kopuruak gora egingo duelako alarma egoera amaitzen denean, Tapiak azaldu bezala.
Maskaren erabilera orokortuak autobusen edukiera handitzea ahalbidetuko lukeela adierazi du sailburuak, gaur egun edukiera asko mugatu baita. Gaineratu duenez, trenbideetan (trena eta metroa) zaila da pertsonen arteko distantzia mantentzea, eta horregatik dago bidaiariek maskarak erabiltzeko beharrizana.
Tenperatura hartzeko kontrolak ere egingo zaizkie erabiltzaileei "modu aleatorioan eta disuasio neurri bezala". Pertsona batek 37 graduko baino gehiagoko tenperatura duela atzematen bada, agintariak Osakidetzarekin harremanetan jarriko dira, eta herritar horri ez zaio utziko garraio publikora sartzen. Kontrolak ez dira puntu finkoetan ezarriko, eta ekipo mugikorren bidez egingo dira garraioetako sarreretan; adibidez, metroko sarreretan, Euskotrenekoetan eta autobusen geltokietan. Neurketak froga pilotuekin hasiko dira, eta sistemaren funtzionamendua egokia bada hiru lurraldeetara zabalduko dira.
Gainera, bidaiarien sarrera-irteeren kontrola hesi edo barreren bitartez egiten den geltokietan gel hidroalkoholdun makinak jarriko direla esa du Arantxa Tapiak. Euskal hiriburuetako trenbide, metro, autobus geltokietan instalatuko dira gel hidroalkoholdun makinak, eta beti instalazioen barruan egongo dira, ez garraio-unitateetan.
Bestalde, kazetariek egindako galderei erantzunez, ekonomiaren euskal sektorea koronabirusaren pandemiak eragin duen egoeragatik "oso arduratuta" dagoela esan du Tapiak, batez ere ez direlako kontratu berriak iristen eta lehiakortasun esanguratsua baitago mundu osoan.
Tapiak albiste ontzat jo du Gondan (Asturias) eta Balenciaga (Euskadi) ontziolek bateratuta Østensjo Rederi konpainia armadore norvegiarraren kontratua eskuratu izana lau itsasontzi eraikitzeko. Ontziak itsasoko sektore eolikorako izango dira, azken belaunaldikoak eta hidrogenozko propultsiozkoak, jakinarazi du Pymar patronalak. Itsasontzi horien eraikitze-lanak arrakastatsuak izatea eta ekonomiaren susperraldirako bidea ireki dezan espero duela esan du Arantxa Tapiak.