Itxi

Gizartea

Koronabuloak

Ez dago 3000 euroko bonurik ijito familientzat eta ez dute supermerkaturik kolapsatu

EiTB

'Tik Tok' sarean ijitoen aurkako aurreiritzi eta estereotipoei buruz publikatutako umorezko bideo bat hitzez-hitz hartu dute, eta bideo batzuk txertatuta, bulo bat asmatu dute.

  • Ijitoen buruzko buloa. Argazkia: EiTB

    Ijitoen buloari buruzko txioaren irudia. Argazkia: EiTB

Ez da existitzen ijitoen familiei zuzendutako janari-bonorik, eta Estatuko Gobernuak ez dizkie 3.000 euroko laguntzak eman akats baten ondorioz. Gainera, ez dute inongo supermerkaturik kolapsatu.

EiTBk koronabirusaren inguruko buloak antzemateko "Koronabuloak" ekimenak baieztatu ahal izan duenez, faltsukeria hau WhatsApp eta Twitter bidez zabaldu da. Futbola gai nagusi duen webgune batek ere publikatu du.

Hauxe dio EiTB Koronabuloaken 600 900 454 WhatsApp zenbakira iritsi zaigun mezuak:

"Gobernua erratu egin zen, eta ijitoen familia bakoitzari 3.000 euro eman zizkion 110 eman beharrean. Beranduago, Gobernuak kreditu-txartelak blokeatu dizkiete, baina, ordura arte, ijitoek mendeko erosketak egitea lortu zuten". Gaztelaniaz dago jatorrizko mezua, eta hauxe irakur daiteke:  "El gobierno se equivocó en de vez de ingresar 110 euros de ayuda a cada familia gitana, 3000 euros, mas tarde el gobierno bloquea las tarjetas, mientras los gitanos aprovecharon en hacer las  compra del siglo".

Mezuarekin batera bi edo hiru bideo doaz, bertsio ezberdinen arabera. Bi bideotan ijitoen familiak agertzen dira supermerkatu bateko ordainketa-kaxako ilaran edo aparkalekuan erosketa-orgekin eta autoak erosketekin beteta. Hirugarren bideoa guztietan doa testuarekin batera, eta bertan ijito bat hitz egiten azaltzen da, eta bonoetan akats bat egon dela baieztatzen duela dirudi.

Jatorria: "Tik Tok" sare sozialeko umorezko kanal bat

Bideoaren hasieran, "samuel123456" erabiltzailearen izena zuen ur-marka azaltzen zen goialdeko ezkerraldean, eta behean jatorrizko erabiltzailearen "jacobamayaamaya" izena, une batez. "Tik Tok" sare sozialean dagoen kanal bat da, non besteak beste umorearen bidez bere komunitatearekin elkar eragiten duen, txisteak kontatzen dituen, eta ijitoei buruzko aurreiritziei eta estereotipoei aurre egiten dien umorea erabilita. Matxismoa, ezkontzak, ohiturak eta familiarteko harremanak izaten ditu hizpide; kasu honetan, milaka euroko diru-laguntza publikoak jasotzearen salaketez ere hitz egiten du.

EiTBk baieztatu duenez, aipatutako kontu horretan, apirilaren 23an, publikatu zen umorezko bideoa egiazkoa balitz bezala zabaldu da. Apirilaren 25ean bideo originala bere horretan publikatuta zegoen hasierako kontuan, baina arratsaldean, jada, ezabatu egin zuten. Hau da bideoa:

Broma bat zen, EiTBk aurreatu bezala

Maldito Bulo web orriak ere eman du honen guztiaren berri, eta beste bideo bat zabaldu du; hain zuzen,  istorio hau abiarazi zuen gizonak TikTok plataformara, atzo, igotako grabazio bat. Bertan, egileak berak onartu egiten du asmatu egin zuela ijito-familientzako 3.000 euroko bonoak eman zituztela, eta broma bat egitea zela bere asmoa esan du. Hau da, bigarren bideoa:

Lehenago, ideologia ultraeskuindarreko ideiak goraipatzen dituen Twitterreko kontu batek neurri batean partekatu du. Hala ere, txistean esandako zifrari "0" bat kendu dio (jatorrizko bideoan aipatutako 1.100 euroak 110ean utzita), eta egiazkotzat jo du, harian beste bi bideo jarrita zituelarik; batean ijitoen familia bat supermerkatuko ordainketa-kaxa baten itxaroten agertzen zelaik, eta, bestean, supermerkatu bateko aparkalekuan erosketa-orgekin.

Testua eta hiru bideoak, "WhatsApp" bidez hedatu dira ondoren. Futbola gai nagusi izaten duen webgune bat haratago joan da, eta titular honekin publikatu du albistea: "Ijitoak Mercadonan, Pedro Sanchezen Gobernuak emandako 3.000 euroko bonoak xahutzen. Titularraren lengoaiak ontzat ematen jarraitzen du ideologia ultraeskuindarraren ideiak goraipatzen dituen Twitterreko kontuan publikatutakoa, eta esaldi hau gaineratzen du: "dirudienez, Gobernuak Espainian bizi den ijitoen familia bakoitzari 110 euroko diru-laguntza ematea adostu du".

Gainera, modu literalean hartzen du bideoko txistean esaten dena, eta @jacobamayaamaya kontuko txistean esaten denaren zati bat idazten du: "birala egiten ari den bideo batean, (...) akatsa baieztatu dute, baita familia asko Mercadonara joan direla inoizko erosketa oparoena egitera, pernilak, ganbak eta kalitate handiko produktuak erosiz". Eta TikTok plataforman zabaldutakoaren ondotik argitaratutako bi bideoetako batean ere ez da ageri Mercadona saltokian izandako gertakaririk.

CaixaBankek ukatu egin du Generalitatearen diru- txartelak  ijito familiei 3.000 euro transferitu izanagatik blokeatu dituztenik

Maldito Bulo zerbitzuak testuinguruan jarri nahi du gaia, datu hau eskainiz: “bideoko gizonak ez badio ere zein txartel zehatzi buruz ari den, grabaketak bat egiten du Kataluniako Generalitatek jangela-beka zutenei konfinamendurako emandako diru-txartelen blokeoarekin (apirilaren 24an iragarri zuten). CaixaBankek kudeatzen ditu txartel horiek eta bankutik Maldita.es-eri baieztatu diotenez, blokeatzera erabaki zuten “saldoaren eguneraketa oker bat” egin zela ikusi zelako. “Gehitxo sartu zen nahi gabe, baina berehala blokeatu ziren” diote.

CaixaBanketik ez dute zehaztu ze kantitate sartu zuten baina ukatu egin dute “familia ijitoei 3.000 euro” sartu zizkietenik eta kopurua hori baino txikiagoa izan zela adierazi dute. Money to Pay txarteletan gertatu zela akatsa baieztatu dio CaixaBankek Maldita.es-i, eta horien artean daude Generalitatearen jangela-beka txartel bidez jaso duten 144.000 familiak.

"Intzidentzia berehala aurkitu zen eta txartel horiek denak blokeatu egin ziren. Arratsalde hartan ezin izan ziren erabili". Hori dela eta, bideo horrek erreferentzia egiten dien erosketak "ezin izan ziren okerreko diru-sarrera horrekin egin" zehaztu dute. "Ezinezkoa da okerreko diru sarrera horretaz aprobetxatu izana, blokeatu egin zirelako txartela berretsi du CaixaBankek. La Vanguardia bezalako komunikabideek gertatua jaso eta gero, EFE Agentziak zabaldu zuen albistea.

Ez dago laguntzarik etnia jakin bateko familientzat

Egiaztatu ahal izan dugunez, Estatuko Gobernuaren zein Eusko Jaurlaritzaren ezohiko neurrien barruan ez da existitzen inongo laguntzarik, eta ez da etnia konkretu batzuetako familiei zuzendutako diru-kopuruez (ez 110, ez 1.100 ezta 3.000 euro) hitz egiten.

Hain zuzen, Espainiako Gobernuaren Berdintasunerako Ministerioaren barne dagoen Diskriminazio Etnikoaren Ezabapenerako Kontseiluak jakinarazi du, "arduratuta" dagoela koronabirusaren pandemiaren iritsierarekin batera beste arraza edo etnia batzuen aurka eman diren "diskriminazio, baztertze eta gorroto" kasuengatik. Salatutako kasu gehienek, ijitoen komunitateari eragiten diote gehienbat, eldiario.es -ek azaltzen duenez.

EiTBk apirilaren 25ean argitaratu zuen informazio hau eitb.eus atarian, arratsaldeko 19:00etan, eta hurrengo goizean, apirilak 26, goizeko 11:30ean eguneratu egin zuen. Gai honen inguruko informazio gehiago egonez gero, eguneratu egingo da albistea.

Euskal Irrati Telebista Maldita.es atariarekin, VOST Euskadirekin eta Eva Caballerok Radio Euskadin duen 'La Mecánica del Caracol' dibulgazio-saioko komunitate zientifikoarekin ari da elkarlanean.

Kontuan izan osasun-agintariek koronabirusaren aurka emandako aholkuak. Koronabirusaren inguruko albiste faltsuen aurrean, egin kasu bakarrik iturri ofizialek ematen dituzten albisteei. Eta zurrumurru, gezur edo albiste faltsu baten susmorik baduzu, idatzi koronabuloak@eitb.eus helbide elektronikora edo bidali WhatsApp bidez mezu bat 600 900 454 telefono zenbakira. Ez diogu inori zuzenean erantzungo, baina oharrak jaso, aztertu, eta faltsuak direla egiaztatuz gero, Koronabuloak webean aireratuko ditugu.