Gizartea
Koronabirusa
Laborategi pribatuak Osakidetzaren agintepera pasa dira, testak egiteko
Agentziak | Erredakzioa
Halaber, Osasun Sailak laborategi horietan egiten diren proben prezioak zehazteko aukera du, abusuak saihesteko.
-
Osasun alorreko langile bat, testak egiten. (Argazkia: EFE)
Diagnostikoak egiteko gai diren zentro pribatu guztiak Osasun Sailaren agintepera pasa dira testak egiteko, Nekane Murga Osasun sailburuak COVID-19a antzemateko proben inguruko agindua sinatu ostean. Halaber, Jaurlaritzak proba horien prezioak zehazteko eskumena du.
Murgak pandemiaren inguruko datuen berri emateko egindako agerraldi telematikoan azaldu duenez, agindu horretan testak egiteko irizpide homogeneoak eta pazienteen segurtasuna bermatzen dira. Agindua indarrean da jada, EAEko Aldizkari Ofizialean asteazkenean publikatuko duten arren.
Aginduan zehazten denez, diagnostiko klinikoak egiteko gai diren zentro, zerbitzu eta establezimendu pribatuak eta haietan lan egiten duten pertsonak Osasun sailaren esanetara egongo dira EAEko osasun sistemak dituen baliabideen osagarri bezala.
Prezioak
Halaber, Osasun sailak zentro pribatuetan egiten diren proben prezioak zehazteko aukera du, abusuak saihesteko.