Itxi

Gizartea

Koronabirusa

Eusko Jaurlaritzak Gernikako bonbardaketaren omenaldia baimendu du azkenean

Agentziak | Erredakzioa

Ostiral honetan bertan, Jaurlaritzak ekitaldia debekatzea erabakia zuen; bonbardaketaren 83. urteurrena gogoratuko dute.

  • Artxiboko irudian, aurreko urteko omenaldiaren une bat

    Artxiboko irudian, aurreko urteko omenaldiaren une bat. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.

Gernika-Lumoko Udalak jakinarazi duenez, Eusko Jaurlaritzak, azkenean, baimendu egin du igandean lore-eskaintza egitea, 1937ko bonbardaketaren 83. urteurrenaren ekitaldian, udalerriko hilerrian. Ostiral honetan bertan, Jaurlaritzak ekitaldia debekatzea erabakia zuen.

Ohar batean, Gernika-Lumoko Udalak adierazi du ekitaldi-programa hasieran aurreikusita zuen bezala egin ahalko duela; nolanahi ere, ohartarazi du "kargu publikoen kopuruan muga handiagoa izango dela".

Bonbardaketaren biktimak gogorarazteko hilerrian egingo den omenaldiaz gain, Udalak beste bi ekitaldi antolatuko ditu: bata da Jose de Labauriaren omenez, alegia, bonbardaketa izan zenean alkate zegoenaren omenez; bestean, George Steer kazetari britainiarra ekarriko dute gogora. Azken hori, The Times egunkarian argitaratutako kroniken bidez, munduari gertatutakoaren berri eman zion.

Hilerriko ekitaldian Jose Maria Gorroño alkatea joango da; aurreko ostiralean bueltatu zen etxera, koronabirusagatik ospitalean 21 egun eman ondoren.

Ekitaldietan ez da herritarrik izango, eta Interneten bidez jarraitu ahalko dira. Osasun-agintariek "prebentziozko neurriak" kontuan izango dituzte, COVID-19aren kutsadurak saihesteko.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, edo eta garraio publikoa erabiltzen baduzu. Dena dela, horien erabilera ez da derrigorrezkoa.