Gizartea
KORONABULOAK
Ez nikotinak ez are gutxiago erretzeak ez dute koronabirusetik babesten
EiTB
Medikuek ohartarazi dutenez, gauza bat da tabakismoa, eta beste bat nikotinaren ustezko erabilera terapeutikoari buruzko hipotesia, Frantzian iradoki dutena.
-
Argazkia : EFE
Gaur egun ez dago frogatuta ez nikotinak ez are gutxiago erretzeak koronabirusetik babesten dutenik, inongo aldizkari zientifikotan oraindik kaleratu ez den artikulu bat irakurrita uler daitekeenez. Horren arabera, Frantziako ospitale batean COVID-19ak jota dauden gaixoen artean gutxiago dira erretzaileak.
Hala adierazi dute egunotan Maldita.es-ek bildu dituen adituen iritziek. EiTB horrekin ari da harremanetan egunotan, #Koronabuloak ekimenaren bitartez, COVID-19aren pandemia honetan koronabirusari buruz sortzen ari diren fake news edo albiste faltsuei aurre egiteko.
Erabiltzaile batzuk gurekin harremanetan jarri dira 600 900 454 WhatsApp zenbakiaren bidez, Frantzian nikotinaren eta koronabirusaren arteko balizko harremanaz bildu dituzten datuei buruz galdetzeko, kontu horrek behar duen zuhurtziarekin, horren berri irakurri eta gero zenbait hedabidetan, EiTBn besteak beste:
Agentziaren albistearen arabera, "frantziar zientzialari talde batek ikerketa abiatu du nikotinak koronabirusari aurre egiteko balio duen argitzeko, aurretik egindako lehen ikerketa batean baieztatu egin baitute Parisko ospitale batean gaitzak jota dauden gaixo gehienek ez dutela erretzen".
Hala ere, erabiltzaile batzuek albistea ulertzeko eta partekatzeko modua ikusita, batzuek ondorioztatu dute, okertuta, tabakoa kontsumitzea "ona" dela.
Berrikusten ari diren preprint bat
Maldita.es atariko Maldita Ciencia atalaren arabera, albisteak zientzia aldizkari batean kaleratu aurretik aztertzen ari diren preprint bat du oinarrian. Preprint izenarekin ezagutzen dira zientzialariek doako biltegi edo gordailuetan uzten dituzten artikuluak, mundu osoko adituekin partekatzeko. Honela azaldu dute Maldita Ciencia atalean:
Datu hori bere horretan hartuta ez da nahikoa ikerketa baztertzeko, baina argi uzten du hasi besterik ez dutela egin. Ikerketa originala, ingelesez:
Maldita.es-ek Carlos A. Jimenez Ruiz tabakismoan aditu eta Espainiako Pneumologia eta Toraxeko Kirurgiaren Elkarteko presidenteari galdetu dio, albiste hori egiaztatzeko. Horren hitzetan, lan hori irakurrita "ez dago ondorioztatzerik nikotinak koronabirusetik babesten duenik, eta are gutxiago tabakismoak, substantzia gehiago ere biltzen dituena".
Jimenez Ruizek esan duenez, ikerketan nikotinaz ari dira, ez tabakismoaz, eta erretzean 4.000 substantzia sartzen dira organismoan, mundruna eta karbono monoxidoa, besteak beste, tabakoaren kontsumoarekin lotutako gaitzak eragiten dituztenak, "eta nikotina 4.000 substantzia horietako bat baino ez da".
Erretzaileek askoz ere aukera handiago dute gaitzaren eragin larria pairatzeko
Ikerketaren arabera, "nikotinak murriztu egiten du ACE2 entzimaren adierazpena eta/edo jarduera [arnasbideetako zeluletan sartzeko koronabirusak baliatzen dituen proteinetako bat]". Jimenezek argitu duenez, "erretzaileen artean ACE2 hartzaileen presentzia askoz ere handiagoa da erretzaile ez direnen artean baino, eta, hori dela eta, argi ikusten da erretzen duten subjektuek 2,5 edo 3 aldiz biderkatzen dituztela gaitzaren forma larri bat garatzeko aukerak, erretzaile ez direnekin alderatuta".
Alberto Najera fisikariak, bere aldetik, frantziarren ikerketa hori aipatu du Twitterreko hari batean, eta baita berak eta bi lankidek ildo beretik aurkeztu duten beste preprint bat ere, baina bukatu aurretik adierazi duenez, "garrantzitsua da tabakoaren kontsumoa eta nikotinaren erabilera terapeutikoa bereiztea. Hipotesi bat besterik ez da, eta hipotesi gisa, ez dago frogatuta".
¿Por qué la “noticia” de que la nicotina podría proteger de la COVID19 hay que tomarla con cautela? ¿Por qué entrecomillo la palabra “noticia”? y ¿podría la nicotina ayudar contra el SARS-CoV-2? #AbroHilo ¿
— Alberto Nájera - ¿¿¿ en ¿ (@najera2000) April 22, 2020
Maldita.es atariarekin ez ezik, VOST Euskadirekin eta Eva Caballerok Radio Euskadin duen La Mecánica del Caracol dibulgazio saioko komunitate zientifikoarekin ere ari da EiTB elkarlanean zurrumurru horiei aurre egiteko.