Itxi

Gizartea

Zaldibarko luizia

Kanpo-auditoria batek Zaldibarko zabortegiaren ingurumen-baimena aztertuko du

Agentziak | Erredakzioa

Lan hori egiteko Ricardo Energy & Environment enpresa kontratatu du Ingurumen Sailak. Besteak beste, energiaren, ingurumenaren eta teknologiaren esparruetan ibilbe handia duen enpresa da.

  • Zaldibarko zabortegia.

    Zaldibarko zabortegia. Argazkia: EFE

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak kanpo-auditoria bat eskatu du, Zaldibarko zabortegia kudeatzeaz arduratu den Verter Recycling enpresari emandako ingurumen-baimen integratuan (IBI) ezarritako baldintzak zenbateraino bete eta kontrolatu diren zehazteko helburuarekin. Bertan, otsailaren 6an luizia gertatu zenetik, desagertuta dauden bi langileen bila jarraitzen dute.

Kanpo-auditoriak bi helburu nagusi ditu. Lehendabizi, Verter Recycling enpresaren instalazioari bere garaian emandako ingurumen-baimen integratuaren baldintzak nahikoa zorrotzak ziren aztertzea, eta bai aplikatzekoa zen legeriari bai Zaldibarkoaren ezaugarriak zituen hondakin ez-arriskutsuen zabortegi baten operazio-baldintzei  behar bezala erantzuten zieten zehaztu nahi da.  Bestetik, Ingurumen Sailburuordetzako Ikuskaritza Zerbitzuak denboran zehar enpresaren jarduera behar bezala gainbegiratu ote duen ikusi nahi da, zabortegiaren operatiboa eta IBIa betetzen zirela egiaztatuta.

Verter Recycling enpresak 2007ko urtarrilean eskuratu zuen Zaldibarko industria-jatorriko hondakin ez-arriskutsuen zabortegia zabaltzeko ingurumen-baimen integratua. Alabaina, 2011ko martxoaren 24ra arte zabortegiari ez zioten hondakinak jasotzen hasteko baimenik eman, IBIaren aldaketa bat onartu ondoren.

Verter-ek IBIa betetzen eta kontrolatzen ote zuen jakiteko kanpo-auditoria honetaz gain, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak luizia gertatu izanaren arrazoiei buruzko peritu-txosten bat eskatu du.

Kanpo-auditoria egiteko Ricardo Energy & Environment enpresa kontratatu du Ingurumen Sailak. Besteak beste, energiaren, ingurumenaren eta teknologiaren esparruetan ibilbe handia duen enpresa da. Ingurumen-aholkularitzan burutu duen lana zortzi arlo nagusitara bideratu da: hondakinen kudeaketa eta baliabideen errendimendua, energia, ingurumena (inpaktuaren ebaluazioa, ekologia, nekazaritza eta arrisku kimikoa barne hartuz), negozio iraunkorrak, klima-aldaketa, airearen kalitatea, uraren kudeaketa eta garraio iraunkorra.