Gizartea
Koronabirusa
SATSEk baztertutako maskarak erabili zituzten osasun-langileak isolatzea eskatu du
Agentziak | Erredakzioa
"Bestela, birusaren hedapenean lagunduko lukete, eta gainerako langileentzat, familientzat eta artatutako pertsonentzat arriskutsua izango litzateke", ohartarazi du SATSEk.
-
Donostiako ospitalea. Argazkia: EFE.
Euskadiko Erizainen Sindikatuak Osakidetzari eskatu dio "COVID-19ren aurkako segurtasun-baldintzak ez betetzeagatik baztertutako maskarak erabili dituzten profesional guztiak isolamendu egoeran jartzea".
"Bestela, hedapenean lagunduko lukete, eta gainerako langileentzat, familientzat eta artatutako pertsonentzat arriskutsua izango litzateke", ohartarazi du SATSEk.
Sindikatuak salatu duenez, Osakidetzak profesionalei PCR proba diagnostikoak egiten ari die, baina, Osasun Ministerioak argitaratutako "COVID-19ren aurrean profesional sanitario eta sozio-sanitarioentzat zuzendutako gidak" ezartzen duen bezala, neurri hori ez da nahikoa; izan ere, "arrisku handiko esposizioa izan duen profesional oro pazienteak artatzeko jardueratik kendu" behar dela azpimarratu dute.
Sindikatuaren esanetan, "Osakidetzak profesional horiek kutsatzeko arrisku larrian jarri ditu, maskara horiek ez baitute COVID-19rengatik positibo diren gaixoekin kontaktuan egoteko beharrezko babesa ematen", eta, horregatik, "lanetik baztetu behar dira, eta isolamendu egoeran jarri", nabarmendu du.
Gainera, SATSEk lanpostu horiek betetzea eskatu du, eta isolamendu egoeran dauden langileen "osasunaren jarraipena egitea, historia medikoan egoera erregistratzea eta mutuari dagokion istripu-partea bidaltzea" galdatu du.