Gizartea
Koronabirusa
Horrelakoak izango lirateke umeen irteerak apirilaren 27tik aurrera
agencias | redacción
Heldu batekin hiru ume ateratzeko aukera ematea aztertzen ari da Espainiako Gobernua. Etxetik gehienez kilometro batera aldendu ahalko ziren, paseoan, korrikan edota ariketak egiteko.
-
Ume bat txakurrarekin, Bilboko parke batean. Argazkia: EFE
Apirilaren 27tik aurrera umeak kalera atera ahalko dira heldu baten ardurapean, eta orain irteera horien baldintzak zeintzuk izango diren erabakitzen ari da Espainiako Gobernua.
EFE agentziak zabaldu duenez, heldu baten laguntzarekin etxe bereko hiru haur ateratzeko aukera ematea aztertzen ari da Pedro Sanchezen Gobernua.
Etxetik gehienez kilometro batera joan ahalko lirateke, paseoan ibiltzeko, korrikan edo saltoka aritzeko nahiz ariketa fisikoak egiteko.
Halaber, zorrotz bete beharko lukete osasun agintariek ezarritako pertsonen arteko distantzia, beraiekin bizi ez diren beste haur edo heldu batzuekin topo eginez gero.
Espainiako Gobernuaren hasierako planak hautsak harrotu zituen atzo. 14 urtetik beherako neska-mutilak heldu batekin kalera atera ahalko zirela iragarri zuen, baina soilik erosketak egiteko edo bankura joateko. Kritika uholdea jaso ostean, atzera egin zuen, eta orain, esan bezala, umeen irteerarako baldintza berriak aztertzen ari da.