Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

21 hildako EAEn eta lau Nafarroan azken orduetan COVID-19aren ondorioz

EITB.EUS

EAEko datuak joan den astekoak baino zertxobait hobeak dira. 361 kasu positibo gehiago zenbatu dituzte Hego Euskal Herrian.

3:19
Mikel Sanchez

COVID-19ak eragindako pandemiaren ondorioz, 21 pertsona hil dira EAEn azken orduetan, eta 234 positibo gehiago zenbatu dituzte, Mikel Sanchez Eusko Jaurlaritzako Osasun Plangintzaren zuzendariak emandako datuen arabera.

Gaur arte, 1.124 pertsona hil dira EAEn, eta 13.044 kutsatu dira; halaber, 6.201 daude ospitalean, atzo baino 60 gehiago.

Sendatutakoak eta alta jasotakoak 7.651 dira guztira, atzo baino 374 gehiago. Horietatik 3.317 errekuperatu dira eta 5.296 lagunek jaso dute alta (gerta daiteke pertsona bera bi zerrendetan egotea).

Bestalde, 905 lagun daude ospitaleratuta, apirilaren hasieran zeuden guztien erdia baino gutxiago, alegia.

Datuak lurraldez lurralde aztertuta, 3.324 positibo daude Araban (150 ospitaleratuta); 7.328 Bizkaian (550 ospitaleratuta) eta 2.3942 Gipuzkoan (205 ospitaleratuta).

Orain artean, 63.431 proba egin dira orotara, eta atzo bertan 3.804 PCR eta 2.129 test azkar egin ziren. Egindako probetan izandako positiboen portzentajea, berriz, % 6ra murriztu da.

127 kutsatze berri zenbatu dituzte Nafarroan

Nafarroan, 127 kasu positibo gehiago zenbatu dituzte azken 24 orduetan (pandemia hasi zenetik, 4.958) eta lau hildako (401 gaixo hil dira jada).

Nafarroako kasu positibo guztietatik, 4.899 baieztatutako kasuak dira, eta horiei 59 gehitu behar zaizkie, antigorputzen testean positibo eman dutenak.

Pandemia hasi zenetik 128 gaixo ospitaleratu behar izan dituzte zainketa intentsiboetako unitateetan, joan den asteartean emandako kopuru bera.

Ospitaleratzeen kasuan, 1.894 pertsonak osasun zentroetan egon behar izan dute, horietako 17k azken 24 orduetan.

Halaber, Foru Erkidegoan 1.316 pertsona sendatu dira jada, hau da, 123 gehiago azken 24 orduetan.

Intzidentziari dagokionez, Nafarroako Foru Erkidegoan 218,89 pertsona kutsatu dira 100.000 biztanleko azken 14 egunetan.

Espainian gora egin du heriotzen eta kasuen kopuruak

Koronabirusak 435 pertsona hil ditu azken 24 orduotan Espainian, eta, ondorioz, 21.717 dira jada hildakoak. Baieztatutako koronabirus kasuen kopurua ere hazi egin da, 4.211 gehiago zenbatu baitituzte; beraz, 208.389 kasu positibo zenbatu dituzte guztira.

Osasun Ministerioak asteazken honetan argitaratutako azken datuen arabera, Espainian 85.915 pertsona sendatu dira, horietako 3.401 azken egunean.

Horrek esan nahi du eguneko heriotzen kopuruak apur bat gora egin duela, atzo 430 eta astelehenean 399 izan baitziren. Positiboei dagokienez ere, gora egin dute, 3.968 izan baitira astearte honetan. Sendatutakoen kopuruak, aldiz, gora egin du astearteko kopuruaren aldean, orduan 3.230 alta eman baitziren.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, edo eta garraio publikoa erabiltzen baduzu. Dena dela, horien erabilera ez da derrigorrezkoa.