Gizartea
Koronabuloak
'The Washington Post'ek ez du baieztatu koronabirusa laborategi batean sortu zutenik
EITB
Balizko informazio batzuen arabera, egunkariak egiaztatu du SARS-CoV-2 birusak Wuhango laborategi batean izan zuela jatorria; egunkariak, baina, gezurtatu egin du hori egin izana.
-
Koronabirusaren jatorria Wuhango laborategi batean izatea ez dute baieztatu. Argazkia: EFE.
The Washington Post egunkari ospetsuak gezurtatu egin du koronabirusa laborategi batean sortu zutela baieztatu izana.
Azken egunetan WhatsAppen bidez ibili den balizko informazio baten arabera, egunkariak baieztatu ahal izan du SARS-CoV-2 birusak, alegia, COVID-19 gaitza eragiten duen koronabirusak, Wuhan Txinako hiriko laborategi batean izandako segurtasun-akats baten ondorioz sortu zela (gaixotasunaren lehen kasuak hiri horretan atzeman zituzten).
Hainbat erabiltzailek eman digute balizko informazio horren berri, 600 900 454 zenbakian, EiTBk #Koronabuloak gelditzeko duen ekimeneko WhatsAppean. Euskal Irrati Telebista Maldito Bulo webgunearekin eta VOSTEuskadi Boluntario Digitalen Elkartearekin harremanetan dago koronabirusaren inguruan sortutako albiste faltsuak atzemateko, eta, horrez gain, Eva Caballerok zuzentzen duen Radio Euskadiko La Mecánica del Caracol dibulgazio-programan parte hartu ohi duen komunitate zientifikoaren laguntza ere badu.
WhatsAppen bidez ibilitako mezuaren hasieran adierazten dute koronabirusak "Wuhango Birologia Institutuan" izan zuela jatorria, birusen gaineko Txinako ustezko programa baten barnean; hortaz, "jatorria ez zuen izan hiriko animalia-merkatu batean jandako saguzar batean", susmatu dutenez.
Gerora, mezuak zehazten du "zero pazienteak" hau da, gaitza harrapatu zuen lehen pertsona, "laborategiko langileetako bat" zela. Informazio-iturri gisa, Bret Baier ikerketa-kazetaria eta The Washington Posteko hainbat informazio aipatzen dituzte.
WhatsAppen ibili den eta gure erabiltzaileek helarazi diguten mezuak azaltzen du Txinako Gobernuak hainbat ahalegin gauzatu dituela benetan gertatutakoa ezkutatzeko. Besteak beste, adierazten dute arestian aipatutako Wuhango merkatu horretan ez zituztela saguzarrak saltzen, eta birusen gaineko programaren helburua zela Txinako gaitasuna, birusak identifikatzeko eta horien aurka borrokatzeko, Amerikako Estatu Batuetakoaren parean kokatzea (are gehiago, mezuak dio The Washington Postek horren berri izan zuela).
Txinako Gobernuak, mezuaren arabera, hainbat ekintza egin zituen SARS-CoV-2aren ustekabeko kutsapenaren ebidentziak ezabatzeko; halaber, Munduko Osasun Erakundeari eta Tedros Adhanom haren zuzendari nagusiari leporatzen die Txinari "hasieratik" lagundu ziotela aztarnak kentzen.
Amaieran, mezuak adierazten du Wuhanen, urtarrilean, dozenaka mila herritarrentzako oturuntza antolatu zutela, eta jarraian milioika lagun hasi ziren Urte Berri Txinatarreko ospakizunetako joan-etorriekin.
Kontuan izanik dagoeneko herrialdeko goi-funtzionario batzuek zehaztuta zutela, ezkutuan, Wuhanen agerraldia zegoela, Xi Jinping Txinako presidenteak jendaurreko ohartarazpena egin zuenean, hain zuzen ere urtarrilaren 20an, 3.000 lagun baino gehiago zeuden kutsatuta; ustezko iturri batek The Washington Posti esan zionez, "Gobernuren batek inoiz egindako estalketarik handiena eta larriena" litzateke.
Zer esan zuen benetan 'The Washington Post'ek?
Maldita.es web orriak Maldito Bulo atalean zehazten duenez, The Washington Postek iritzi-zutabea argitaratu zuen, Josh Rogin zutabegileak sinatuta; egileak, testuan, 2018ko urtarrilean AEBk Txinan duen Enbaxadako hainbat diplomazialarik (zientzia-prestakuntza zuten) Wuhango Birologia Institutuan egindako bisitaren berri eman zuen. Institutuan, arriskuko ikerketak egiten zituzten, saguzarrekin, birusak erabiliz; Roginen hitzetan, diplomazialariek ohartarazi zuten laborategian segurtasun-akatsak zeudela.
Hain zuzen ere, Roginek adierazi zuen estatubatuar ofizialek SARS birusak eragindakoa bezalako pandemia sortzeko arriskuaren berri eman zutela (2003an jazo zen, eta 774 lagun hil ziren); izan ere, laborategi hartan "saguzarretatik etorritako koronabirusekin lan egiten dute, eta gizakiak kutsa litezke".
Maldita.es-ek nabarmentzen duenez, Josh Roginek, bere zutabean, ez du aipatzen ustezko paziente zero hori, eta ez du baieztatzen paziente zeroa laborategiko langilea denik.
Zein da egunkariaren gezurtapena?
Maldita.es-en esanetan, The Washington Postek berak gezurtatu du koronabirusaren jatorria Wuhango laborategian sortu izana egiaztatu duenik; duela egun batzuk egin zuen, Mael Vallejo Iritzia espainerako ataleko editorearen bidez. Facebooken, post hau partekatu zuen:
"WhatsApp-en bidez jaso baduzu 'fake news' bat, ustez WashPostekoa, esanez Txinako koronabiruseko zero pazientea laborategi bateko langilea zela, jakin ezazue ez dela egia. Artikuluak dio Wuhango segurtasun txikiko laborategi batean koronabirusarekin esperimentuak ari zirela egiten, Amerikako Estatu Batuetan hori bazekitela, eta balitekeela zerbait kontroletik at egotea bertan".
Bret Baier, alegia, mezuak aipatzen duen ikerketa-kazetaria, Fox News katean dabil, aurkezle. Maldita.es-ek dioenez, hainbat aldiz aldeztu du bere teoria jendaurrean, eta inteligentzia-zerbitzuetako iturriak aipatzen ditu, baina ez ditu horiek identifikatzen, eta ebidentziarik ere ez du ematen.
Maldita.es-ek gogora ekarri duenez, SARS-CoV-2ak Wuhango laborategian jatorria izateko hipotesiak hedatze azkarra izan duela; izan ere, laborategi horretan lanean dabiltzan zientzialariek antzeko birusekin egiten dute lan. Nolanahi ere, ez dago ebidentziarik, oraingoz behintzat, hori horrela gertatu zela frogatzeko; komunitate zientifikoaren hainbat izen aipagarrik, horrez gain, horren kontrako iritzia eman dute, geuk ere beste albiste batean islatu genuenez.