Gizartea
Koronabirusa
Renfek izena eta mugikorraren zenbakia eskatuko ditu txartela erosteko
Agentziak | Erredakzioa
Konpainiak "prebentziozko" neurria ezarri du egungo osasun-krisia dela eta, bidaiariekin harremanetan jarri ahal izateko.
-
Segurtasun distantzia bermatzeko plazen % 30a saldu daiteke soilik. Argazkia: EFE.
Renfek txartel pertsonalizatua ezarriko du astelehenetik (apirilaren 20tik) aurrera, eta bidaiariek izena, telefono mugikorraren zenbakia eta harremanetarako beste datu batzuk eman beharko dituzte, "nahitaez", enpresak jakinarazi duenez.
Konpainiak "prebentziozko" neurri hori ezarri du egungo osasun-krisia dela eta, bidaiariekin harremanetan jarri ahal izateko, osasun-alerta egoeran edo trenen zirkulazioan gorabeheraren bat suertatuz gero.
"Egungo osasun-egoerak txartel pertsonalizatua ezartzea aholkatzen du, bidaiariei, haien senideei, trenen barruko langileei eta, azken batean, gizarteari mesede egingo diena", adierazi du Renfek ohar baten bidez.
Operadoreak azaldu duenez, "bidaiariekin berehala harremanetan jarri" ahalko da, adibidez, koronabirusarekin kutsatutako pertsonekin harremanetan egon badira, "osasun-protokoloak ahalik eta lasterren martxan jartzeko".
Horrela, salmenta kanal guztietan eta plaza erreserbatzea onartzen duten trenetan txartel pertsonalizatua ezarriko du gaurtik aurrera, hegazkinetan egin den moduan.
Renferen esanetan, datu pertsonal horien tratamenduak datuen babesa bermatzen duen araudia errespetatuko du.
Hain zuzen ere, distantzia luzeko eta ertaineko trenen ohiko eskaintzaren % 30 dago gaur egun zirkulazioan. Gainera, plazen % 30 salduko dira soilik, Osasun Sailak bidaiarien artean gomendatu duen gutxieneko segurtasun-distantzia bermatzeko. Hala, praktikan, konpainiak ohiko eskaintzaren % 10-15 baino ez du saltzen.