Gizartea
Koronabirusa
Noraino eta nola joan naiteke nire baratzean lan egiteko?
eitb.eus
Baratze edo ortu partikularretan lan egitea baimenduta dago, baina ez dago argi isunik jaso gabe noraino eta nola joan gaitezkeen.
-
Gizonezko bat, bere baratzean lanean. ETBko bideo batetik ateratako irudia.
Koronabirusak eragindako alarma-egoeran, baimenduta dago baratze partikularretan lanean aritzea. Hala ere, ez dago oso argi hori egiteko noraino joan gaitezkeen isuna jasotzeko arriskurik gabe.
Ertzaintzako iturriek adierazi dutenez, ez dago distantzia-muga jakin bat baimendutako joan-etorriak zeintzuk diren zehazteko.
Etxebizitzaren inguruko eremuan dauden baratzeen kasuan, ez dago inolako arazorik, oinez egiten den joan-etorri laburra delako. Baina baratzea etxebizitzako ingurutik kanpo dagoen kasuetan, Ertzaintzak "zentzuz" jokatzeko deia egin du. Hau da, udalerri ezberdinen arteko joan-etorriak debekatuta daude, oinez zein ibilgailuz. Baratzea udalerri berean dagoenean, eta autoa bertan lan egiteko tresnak eramateko erabiltzen denean, ez dago arazorik. Agenteek banan-banan aztertuko dituzte kasuak, gehiegikeriarik egon ez dadin.
Zer dio arauak?
Ertzaintzak asteazkenean, apirilak 15, atera zuen alarma-egoera arautzen duten neurrien azken eguneraketa. Bertan esaten dutenez, baratzeetako edota negutegietako lanak eta horrelakoak baimenduta daude jarduera profesionala denean eta ortu partikularren kasuan, bigarren etxebizitzetan dauden baratzeetan izan ezik.
Horrela, baimena indarrean izango da baldin eta "hara joateko eta bertan egoteko behar-beharrezkoa den denbora baino hartzen ez bada. Horretaz gain, Osasun Agintaritzak ezarritako neurriak bete behar dira".
Ekitaldiak eta ospakizunak, debekatuta
Elikagaiak jaso ahal dira, mantentze-lanak egin, eta lurra erein eta landatu aurreko prestaketa-lanak egin ahal dira, baita lurra landatu, erein, ureztatu eta ongarritu ere.
Azkenik, lurzoruan bertan edo hor dauden instalazioetan (behin betikoak zein aldi baterakoak izan) ezin da inolako ekitaldirik edo ospakizunik egin.
Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, edo eta garraio publikoa erabiltzen baduzu. Dena dela, horien erabilera ez da derrigorrezkoa.