Gizartea
Koronabirusa
Umeak irtetea eta saltokiak zabaltzea, Urkulluk proposatu dituen neurrien artean
Agentziak | Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariak "deskonpresio neurriak" proposatuko dizkio Pedro Sanchez Espainiako presidenteari apirilaren 26tik aurrera kalera "arau batzuk betez" irten ahal izateko.
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak lehenbailehen “deskonpresio sozial eta ekonomikorako hainbat neurri” abiatzea eskatuko dio Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari, hala nola umeak kalera irten ahal izatea, saltoki eta negozio txikien irekiera mugatu eta mailakatua, “segurtasun neurri zorrotzekin eta urruntze fisikoa bermatuta” betiere, ariketa fisikoa baimentzea eta hezkuntza arlorako protokolo berezia egituratzea.
“Normaltasun berrira” itzultzeko baldintza egokiak ahalbidetze aldera, Eusko Jaurlaritzak uste du maskaren erabilera zabalduko dela, aldi batez, eta, hori dela, eginahalak egingo ditu ahal den neurrian ahalik eta maskara gehien eskuratzeko.
Bera buru zela Euskadiko Babes Zibileko Planari laguntzen dion Aholku Batzordeak bilera egin eta gero, Urkulluk adierazi du “normaltasuna” izan dela nagusi aste honetan hasi den lantokietarako itzulera progresiboan, “ia salaketa edo gorabehera aipagarririk gabe”, eta gehitu du “jarduerara itzultzeak egungo eta etorkizuneko aurreikuspenak hobeto dituela, enpleguari dagokionez”.
“Normaltasun berria”
“Normaltasun berrira" itzultzeko trantsizio-planari dagokionez, Urkulluk esan du lantzen ari diren dokumentuak “Espainiako Gobernuarekin, Foru Aldundiekin eta Eudel Euskadiko Udalen Elkartearekin partekatutakoa” izan behar duela, eta haren oinarria Munduko Osasun Erakundeko Adituen Taldearen aholkuetan dagoela. Adituen taldeak gomendio batzuk aurreratu zituen asteartean egindako bileraren ostean.
Urkulluk azpimarratu duenez, planaren oinarria “normaltasunera itzultzeko ohituren mailaz mailako errekuperazioa” da. Horretarako, hiru baldintza errespetatu beharko dira: gutxienez bi metroko distantzia gordetzea ezinezkoa egiten duen pertsona multzoak murriztea, pertsonak bata bestearengandik gertu dauden egoeretan maskarak erabiltzea eta norberaren higienerako eta partekatutako lekuetako garbiketarako neurriekin jarraitzea.
Sanchezi egindako proposamena
Iñigo Urkulluk “deskonpresio soziala eta ekonomikoa bideratzeko zenbait neurri, lehentasunez” aktibatzea eskatuko dio Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari.
Lehenengo neurria, eta “garrantzitsuena”, adingabeek eta beharrizan bereziak dituztenek kalera ateratzeko aukera izatea da, “denbora mugatuan, distantzia fisikoa gordez eta pertsona multzoak sortu barik”. Urkulluk esan du aukera hori zabaltzea pentsatzen ari direla, egungo alarma egoera apirilaren 26an amaitu bezain laster.
Bigarren neurria “saltoki eta negozio txikiek mailaz maila ateak irekitzea” izango da, “distantzia fisikoa gordetzeko eta segurtasuna bermatzeko neurri zorrotzekin”.
Hirugarren neurria jarduera fisikoa baimentzea izango da, banaka eta denbora mugatuan, “pertsonak biltzea era zorrotzean debekatuz”.
Laugarren neurria Hezkuntzarako protokolo berezia sortzea izango da, hezkuntzan ari direnekin batera egindakoa, eta bosgarrena, berriz, Administrazio publikoan ari direnak ere mailaka normaltasunera itzultzea antolatzea izango da.
Maskaren erabilera zabaltzea
Trantsizio plana abian jartzeko “beharrezkoak diren baldintzak” sortzeko, Eusko Jaurlaritzak maskaren erabilera zabaltzea aurreikusten du. “Horri begira ahal dugun guztia egingo dugu maskarak posible diren bide guztietatik lortzeko”, esan du lehendakariak.
Halaber, Urkulluk gogora ekarri du sektore publikoaren eta pribatuaren arteko elkarlana indartu dela tokiko ekoizpena bultzatzeko, eta hamar bat enpresarekin lanean ari direla maskarak ekoizteko.
Osasun Ministerioak umeak irteten uzteko autonomia-erkidegoen proposamenak aztertuko ditu
Testuinguru honetan, Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak ziurtatu du autonomia-erkidegoen proposamen guztiak aztertuko dituela, hurrengo faseari begira; besteak beste, umeak kalera irteten uztearen gaineko proposamena.
Illak azaldu duenez, autonomia-erkidego guztiei eskatu die proposamenak Espainiako Gobernuari helaraztea, eta berretsi du hainbat aukera ari direla aztertzen; nolanahi ere, ohartarazi du horrek ez duela esan nahi “beste fase batean egotea”, eta azpimarratu du “alarma-egoerapean gaudela; hortaz, Espainiako Gobernuari dagokio erabakiak hartzea”.
Illak goraipatu du, berriro ere, umeak sakrifizio handia egiten ari direla, kalera ez ateraz, baina berretsi du kontu honetan “erabateko zuhurtziaz” jokatu behar dela; erabakiren bat egon bezain laster, Gobernuak jakitera emango du.
Horrela, azaldu du erabakiak hartzeko zuhurtzia eta zientzia-ebidentzia izango dituztela kontuan; herritarren eskubideak eta askatasunak ere errespetatuko dituzte.