Itxi

Gizartea

EiTB Focus

EAEko herritarren % 68 konfinamendua apirilaren 26tik aurrera luzatzearen alde daude

EiTB.EUS

EiTB Focus inkestak ondorioztatu duenez, % 52ren iritziz, koronabirusaren krisiak eragin "handia" edo "nahiko handia" izango du euren ekonomia pertsonalean.

1:38
Konfinamendua luzatzea ondo ikusten du gehiengoak

Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren % 68ren iritziz, koronabirusaren hedapena saihesteko konfinamendua apirilaren 26tik aurrera ere luzatzea "egokia" litzateke, hogeigarren EiTB Focus inkestak ondorioztatu duenez. Martxoan bezala, EiTB Focusek COVID-19 gaitzak sortutako krisia izan du hizpide; oraingoan, inkestatuen % 52k esan dute krisi horrek eragin "handia" edo "nahiko handia" izango duela euren ekonomia pertsonalean.

EiTB Focus hau apirilaren 13an eta 14an egin dute, hau da, EAEko milaka herritar lanera bueltatu direnean; izan ere, amaitu egin da funtsezkoak ez diren jardueretan aldi baterako etenaldia. Horrez gain, hilabete igaro da Espainiako Gobernuak alarma-egoera dekretatu zuenetik, eta herritarrek hilabete daramate etxean konfinatuta.

Hala, inkestatuen % 68,7k esan dute egokia litzatekeela, euren iritziz, konfinamenduari apirilaren 26tik aurrera ere eustea. % 11,9ren esanetan, aldiz, ez litzateke egokia izango. Nabarmentzekoa da 36-50 urteko herritarren % 80,4k uste dutela luzapena egokia litzatekeela, hau da, gainerako herritarrek baino gehiago. Apirilaren 26an amaituko da alarma-egoeraren bigarren luzapena, eta Espainiako Gobernuak ez du erabaki oraindik Espainiako Kongresuari beste luzapenik proposatuko ote dion.

Euskal herritarren % 42,6ren iritziz, baina, egokia litzateke indarrean dauden neurriak malgutzea; adibidez, umeek kalera irteteko aukera izan dezaten. % 52,6, aldiz, ez lirateke ados egongo erabaki horrekin.

Euskadiko herritarren % 63,7 "oso kezkatuta" (% 23,9) edo "nahiko kezkatuta" (% 39,8) daude koronabirusarekin kutsatzeko aukeragatik. Martxoan egindako hemeretzigarren EiTB Focuseko datuekin alderatuta, kezka pixka bat txikiagoa da; duela aste batzuk, EAEko herritarren % 24,6 "oso kezkatuta" zeuden, eta % 43,3, "nahiko kezkatuta".

Krisiaren une honetan osasunagatik ala ekonomia pertsonalagatik kezkatuago dauden galdetu dietenean, inkestatuen % 78,2k adierazi dute osasunak kezkatzen dituela gehiago; % 11,7k, aldiz, euren ekonomia kokatu dute aurretik. 65 urtetik gorakoak daude bereziki kezkatuta euren osasunagatik; horien % 92,4k erantzun dute osasunagatik dutela kezka handiagoa.

Testuinguru honetan, Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren % 52k uste dute krisiak "eragin handia" (% 22,7) edo "nahiko handia" (% 29,3) izango duela euren ekonomian. Aurreko EiTB Focusen arabera, herritarren % 46k agertu zuten iritzi hori.

EAEko ekonomian, eragin "asko" izango du krisiak, inkestatuen % 56,4ren hitzetan; % 30,6k uste dute "nahiko" eragingo duela.

Gauzak bere onera itzultzen hasten direnean taberna eta jatetxeetan krisiaren aurretik bezala ibiliko diren ala ez ere galdetu die EiTB Focusek herritarrei. % 46,3ren hitzetan, gutxiago ibiliko gara ostalaritza-establezimenduetan, eta % 39k, aldiz, uste dute berdin egingo dugula eta aldaketarik ez dela izango.

COVID-19ak eragindako krisiaren aurretik, jende asko joaten zen ekitaldi handietara; adibidez, Realak eta Athleticek jokatzeko duten Kopako finala bezalakoetara. Herritarren % 39,1ek uste dute hemendik aurrera herritar gutxiago joango direla ekitaldi horietara; % 48,5ek, berriz, esan dute ez dela aldaketarik izango.

Udarari begira, EAEko herritarren % 80,7k pentsatzen dute 2019ko udaran baino bidaia gutxiago egingo direla Euskaditik kanpora.

Fitxa teknikoa

Gizakerrek EiTBren informazio-zerbitzuetarako egindako inkesta EAEn bizi diren 400 pertsona elkarrizketatuta egin da (Arabako 125, Bizkaiko 150 eta Gipuzkoako 125).

La= ±% 4,90, konfiantza-maila % 95, p=q=0´5, EAEko datuetarako.

Inkesta hori egiteko hautatutako udalen populazio-tamainagatik haztatutako erabateko emaitzak dira.

Landa-lana 2020ko apirilaren 13an eta 14an egin zuten, elkarrizketak telefonoz eginez. Galdeketen batez besteko iraupena 5,66’ izan zen: motzenak 3 minutu iraun zuen, eta luzeenak, 13 minutu. 

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu. Era berean, zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu, COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, edo eta garraio publikoa erabiltzen baduzu. Dena dela, horien erabilera ez da derrigorrezkoa.