Gizartea
Alarma egoera
Euskaraldiak 'Etxealditik Euskaraldira' ekimena abiatu du itxialdirako
eitb.eus
Etxeko hizkuntza ohituren inguruan gogoeta egitea eta euskararen erabilera sustatzea izango du helburu, azaroan hasiko den Euskaraldiaren bigarren edizioari begira.
-
Belarriprest eta Ahobizi rolak berriz jarriko dira jokoan. Argazkia: EITB
Euskaraldiak 'Etxealditik Euskaraldira' ekimena hasi du gaur, apirilak 20, etxean itxialdia egiten den egunetarako. Azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo den Euskaraldia prestatzeko baliagarria izatea da asmoa.
Proposamen nagusia "bizi dugun egoera kontuan izanda, etxean eta etxetik ditugun harreman komunikatiboetan euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egiteko gonbita" izango da. Baina hizkuntza-ohituren inguruan gogoeta egitea ere izango du helburu ekimenak.
Ekimenak irauten duen artean, goizero-goizero Euskaraldiko sare sozialetan (Facebook, Instagram eta Twitter), Ahobizi zein Belarriprest Telegram kanaletan eta Euskaraldiko webgunean bideo labur eta mezuen bidez emango dira 'Etxealditik Euskaraldira' ekimena gizarteratu eta parte hartzeko jarraibideak.
Gaur, apirilak 20, argitaratu da lehen mezua, aurkezpen moduko bat. Apirilaren 21etik 23ra, berriz, hizkuntza ohituren gaineko hausnarketa egiteko proposamena zabalduko da.
Azkenik, apirilaren 24tik 30era, egunerokotasunean eta ohiko egoeretan oinarritutako zazpi ideia-proposamen kaleratuko dira. Ekimena maiatzaren 3an gauzatuko den ekitaldi bateratuarekin amaituko da.
Parte hartu nahi duten herritarrak ekimenean zehar sortutako bideoak edo ateratako argazkiak sareratzera animatuko ditu Euskaraldiak, #EtxealditikEuskaraldira traolarekin eta @euskaraldia aipamena eginez.
Etxeetako leiho eta balkoietan ere koloretako puntu bat jartzea eskatuko zaie partaide guztiei, ekimenean parte hartzen ari direla adieraz dezaten.