Gizartea
Koronabirusa
Irungo Alarde Tradizionala ez da egingo, ekainaren 30ean ezin bada
Agentziak | Erredakzioa
Antolatzaileek diotenez, "prest" egongo dira desfilea ekainaren 30ean egiteko, koronabirusaren krisiak horretarako aukera emanez gero.
-
Iazko Alardearen irudia. Argazkia: Efe.
Irungo San Martzial Alardearen Buruzagien Batzordeak aditzera eman du desfilea egiteko aukera bakarra "ekainaren 30ean egitea" dela, eta koronabirusaren aurkako neurriek aukera hori ematen ez badute, ez dela "beste data batean" egingo.
Alarde Tradizionaleko arduradunek ohar bat atera dute asteazkenean egindako bilera telematikoan hartutako erabakien berri emateko. Alarde Tradizionalean, emakumezkoak kantinera moduan ateratzen dira.
Antolatzaileek azpimarratu egin dute ospakizuna ekainaren 30ean egiteko prest egongo direla, COVID-19ari aurre egiteko neurriek horretarako aukera emanez gero. Horrela ez bada, Alardea ez da beste data batera atzeratuko.
Konpainien eta parte-hartze murriztuko unitateen bilerak, kantineren hautaketa eta data hauetan egin ohi diren beste bilerak atzeratu egingo dituzte iragarri dute, egoeraren bilakaeraren zain.
Halaber, botoa berritzeko ekitaldia San Martzial mendian egin ahal izateko lanean arituko direla adierazi dute.
Alardearen Buruzagien Batzordeak "elkartasuna" adierazi nahi izan die krisia gehien pairatzen ari diren pertsonei eta "errespetua eta begirunea" agertu diete krisia lehenbailehen gainditzeko lanean ari diren herritarrei.