Gizartea
Koronabirusa
Farmaziek beren burua eskaini diote Jaurlaritzari maskarak banatu eta testak egiteko
Agentziak | Erredakzioa
EAEko farmazialarien kontseiluak maskaren prezioaren igoera gehiegizkoa moztu eta osasun sistemaren karga arindu nahi du horrela.
-
Farmaziek pandemiari aurre egiten laguntzeko prestasuna erakutsi dute. Argazkia: Efe.
Euskadiko Farmazialarien Kontseiluak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako farmazietan maskarak “mozkinik jaso barik” eta Administrazioak ezarritako balditzen arabera saltzea eskaini dio Eusko Jaurlaritzari “prezioaren gehiegizko egoera” buka dadin, baita covid-19aren baheketa testa eurek egitea ere, osasun sistemaren gehiegizko karga arintzeko.
Iñigo Urkullu lehendakariari asteartean bidalitako eskutitz batean, Milagros Lopez de Ocariz Kontseiluko presidenteak “EAEko farmazia sektorearen larritasuna” helarazi dio Urkulluri, “herritarrei maskarak helarazteko moduaren eta koronabirusaren aurrean immunizatuta dauden herritarrak atzemateko baheketa testaren inguruan”.
Lopez de Ocarizen hitzetan, Kontseiluak aurretik ere salatu du “babeserako produktuen prezioaren gehiegizko eta motiborik gabeko igoera eta espekulazioa”, eta, hori dela eta, farmaziak eskaini dituzte maskarak “mozkinik atera gabe” eta Administrazioak ezarritako baldintzen arabera saltzeko.
Horrela, Lopez de Ocarizek gutunean aletzen duenez, “Osakidetzaren erabiltzaile guztiek maskarak berdintasun eta proportzionaltasun printzipioei jarraituta jasotzea bermatu, eta banaketa erabiltzaile bakoitzaren osasun txartelaren bitartez egingo litzateke, errezeta elektronikoaren sistema erabiliz”.
Bestalde, Kontseiluko presidenteak idatzian bildu du Osasun Administrazioak herritarren egoera epidemiologikoa ezagutu beharra adierazi duela, eta horretarako baheketa test masiboak egin beharko liratekeela.
Hori dela eta, Kontseiluaren aburuz, EAEko farmaziak toki egokia dira baheketa test horiek egiteko, “lan funtsezkoa, osasun sistemaren karga arintzeko”.