Gizartea
Koronabirusa
350 adineko baino gehiago hil dira Araba, Gipuzkoa eta Nafarroako egoitzetan
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bizkaiko zahar-etxeetan 671 positibo izan dira, baina Foru Aldundiak ez du argitu hildakoak zenbat diren.
-
Bi adineko Gurutzetako ospitalera bidean. Artxiboko argazkia: EFE
Beste bi pertsona zendu dira azken orduetan Arabako adinekoentzako egoitzetan eta, beraz, guztira 116 dira koronabirusarekin hildakoak. Kasu positiboak, berriz, 383 dira.
Joan den igandeko datuekin alderatuta, nolabaiteko egonkortzea izan dela ematen du, bost pertsona gutxiago daudelako kutsatuta eta sendatu diren egoiliarrak 35 direlako.
383 pertsona horietatik 28 ospitalera eraman dituzte, larri daudelako.
Horrez gain, beste lagun bat hil da –bigarrena, pandemia hasi zenetik- desgaitasunak dituzten pertsonentzako zentro batean. Biktima 69 urteko gizona da eta beste gaixotasun batzuk zeuzkan.
Zahar-etxeetan bezala, egoitza horietan ere beherakada txiki bat izan du koronabirusak jotako pertsonen kopuruak eta bi sendatuta daude jada.
111 hildako eta 305 positibo Gipuzkoan
Gipuzkoako egoitzetan 12 adineko hil dira azken orduetan eta, ondorioz, 111 dira koronabirusarekin zendu direnak.
Gainera, beste 17 kasu antzeman dituzte eta COVID-19ak jotako adinekoak 305 dira. Orain arte 28 pertsona sendatu dira.
Foru Aldundiak jakinarazi duenez, azken heriotzak Eibar, Zumaia, Arrasate, Ordizia, Zumarraga eta Donostiako zahar-etxeetan izan dira.
Bestalde, 37 pertsona Gurutze Gorriaren zentrora eraman dituzte eta beste 35 ospitalean daude.
Bizkaiko Foru Aldundiak ez du hildakoen kopurua argitu
Bizkaiko zahar-etxeetan 671 egoiliar daude koronabirusarekin eta horietako 145 ospitalera eraman behar izan dituzte.
Atzoko datuak dira, baina Foru Aldundiak ez du argitu hildakoen kopurua zein den. Zifra hori egunero ez ematea erabaki zuen.
Egoitzetako langileen kasuan, berriz, 205 behargin daude gaixorik eta beste 300 inguru isolatu egin dituzte.
283 hildako Nafarroako egoitzetan
Nafarroako zahar-etxeetan 283 pertsona hil dira pandemia hasi zenetik: 127 koronabirusarekin eta 156 gaitzaren sintomekin.
Carmen Maeztu Eskubide Sozialen kontseilariak aitortu du azken astean egoera "gehiago konplikatu" dela adinekoen zentroetan; izan ere, 1.197 test egin dituzte eta % 76k positibo eman dute.