Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Herri Sanferminak: "Erokeria litzateke sanferminak uztailean ospatzea"

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

"Adituen gomendioak kontuan hartuta, erokeria litzateke pandemia honi muzin egitea eta uztailean milaka eta milaka lagun batzea gure hiriko kaleetan", esan du elkarteak.

  • Jendetza sanferminetako irudi batean, 2019ko uztailaren 6an

    Elkartearen ustez, "ez lirateke gutxieneko osasun baldintzak emango". Artxiboko argazkia: EFE

Herri Sanferminak elkarteak uste du "erokeria" dela 2020ko sanferminak uztailean egitea, eta, horregatik, esan du premiazkoa dela datozen egunetarako San Ferminetako Mahai Ofiziala modu telematikoan deitzea, dagozkion erabakiak hartzeko.

"2020ko Sanferminak denon artean antolatu behar ditugu auzolanean", adierazi du Herri Sanferminak elkarteak ohar batean, eta, bertan, Iruñeko alkateari eskatu diote mahai horretan lan egiten duten eragile guztien artean erabakia hartu ahal izatea.

"Uste dugu bizitzen ari garen osasun krisi honetan iruindarrek lehen lerroan egon behar dugula eta guztion zaintza eta babes osoa bermatu behar dugula", eta horregatik, "adituen gomendioak kontuan hartuta, erokeria litzateke pandemia honi muzin egitea eta uztailean milaka eta milaka lagun batzea gure hiriko kaleetan", dio oharrak.

Ildo horretan, azpimarratu du bere ustez ez liratekeela "gutxieneko osasun baldintzak" emango, eta aukera desberdinak daudela diote, ez ospatzetik atzerapenera, baina, azken kasu horretan, zehaztu du "data berria eragile guztien artean adostu behar dela eta auzolanean prestatzeari ekin behar zaiola".