Gizartea
Koronabirusa
Birusa ez dela desagertuko esan du MOEk eta horrek "errealitate berria" ekarriko du
Agentziak | Erredakzioa
MOEk ez du maskaren erabilera orokorra gomendatzen, salbu eta gaixo dagoen pertsona bada edo kutsatutako pertsona horietakoren batekin kontaktu zuzena badu.
-
Gizon bat bere txakurrarekin paseatzen Iruñean. Argazkia: EFE
David Nabarro COVID-19 gaitzari aurre egiteko Munduko Osasun Erakundeak (MOE) Europan duen arduradunak ziurtatu duenez, herritarrek "errealitate berri batera ohitu" beharko dute, behin koronabirusak eragindako osasun krisia igarota, "birusa ez baita desagertuko".
Nabarrok BBC katean egindako elkarrizketan esan duenez, birus horrek mundu guztiarentzat ekarri duen "errealitate berrira" egokitzen hasi behar dira herritarrak. Zientzialariek oraindik ez dutenez koronabirusaren aurkako txertorik aurkitu, MOEko adituak "prest" egoteko beharra azpimarratu du, "ahulenak babesteko eta transmisioa nola eten ikasteko".
"Birus hau ez da desagertuko. Ez dakigu birusa izan duten pertsonek immuneak izaten jarraitzen duten, eta ez dakigu noiz izango dugun txertoa", nabarmendu du Nabarrok.
Bestalde, maskaren erabilera orokortzeak nolabaiteko eztabaida sortu du gizartean, une batzuetan mundu osoko mediku eta osasun zerbitzuek gabezia handiak izan baitituzte horrelako materialak beren profesionalei eman ahal izateko.
Hori dela eta, horrelako babes-neurriak masiboki ez erabiltzeko eskatu du MOEk, gaixo dagoen pertsona ez bada edo kutsatutako pertsona horietakoren batekin kontaktu zuzena ez badu behintzat.