Gizartea
Koronabirusa
Maskara higienikoak ez dira lau orduz baino gehiagoz erabili behar
Agentziak | Erredakzioa
Espainiako Normalizaziorako Erakundeak adierazi duenez, ez da gomendagarria mota honetako maskarak lau orduz baino gehiagoz erabiltzea. Umeltzen badira ordezkatu egin behar direla gaineratu du.
-
Bi gizon, maskarekin. Argazkia: EiTB
Espainiako Normalizaziorako Erakundeak maskara higienikoen erabilerari buruz gomendatu dituen zehaztasunak publikatu ditu Industria Ministerioak. Mota honetako maskarak astelehen honetan banatzen hasi dira garraio publikoetan, koronabirusaren kutsatzea eragozteko helburuarekin. Gomendioetako batek dioenez, maskara higienikoak ez dira lau ordu baino gehiagoz erabili behar eta umelduz gero, ordezkatu egin behar dira.
Lau orduko epe horretan, maskara, erabilera instrukzioak jarraituz kentzen bada soilik erabili ahalko da behin baino gehiagotan. Behin erabili eta modu egokian kendu ostean, denbora batez gordeta edo esekita egon bada berriz erabili ahalko da, kokatzeko gidak esaten duena jarraituta.
Era berean, Normalizaziorako Erakundeak gaineratu du, maskara erabili ostean ezin dela kokotsean edo bekokian jarrita mantendu. Gomendatutako epea gainditu ostean, maskara plastikozko poltsa bat duen edukiontzira bota behar da, ahal bada tapadun edukiontzi batera, eta aholkatzen da poltsa bikoitza erabiltzea badaezpada lehen poltsa apurtzen bada edukia babestuta egon dadin.
Maskara kentzeko pausu hauek jarraitu behar dira: babes-eskularruak kendu, eskuak ura eta xaboiarekin edota gel hidroalkoholikoarekin garbitu, aurrealdea ez ukitu, plastikozko poltsa duen edukiontzi batera bota, eta berriro eskuak garbitu.
Eskuak garbitzea oso garrantzitsua da maskara jartzera zoazenean. Eskuak garbi izan behar dituzu maskara jartzerakoan; azala garbi duzula jarri (makillaje edo kremarik gabe); goialdea identifikatu eta arnasa-pintza sudurrean estutu; kanpoaldetik eutsi eta buruko arnesa honen atzealdetik kokatu belarrietan, gurutzatu gabe; maskararen behealdea kokotsera jaitsi; eta ez ukitu eskuekin.
BIDEOA: Nola jantzi eta nola kendu maskara