Gizartea
Pandemia
ELAk salaketa jarriko du hiru erresidentziaren eta Gipuzkoako Aldundiaren kontra
agentziak | erredakzioa
Tolosako Iurreamendi, Zumarragako Argixao eta Ordiziako San Jose izango dira Aldundiarekin batera salatuko dituenak, "langileen osasunerako eta bizitzarako eskubidea urratzea" leporatuta.
-
Zaharren egoitza. Argazkia: EiTB
ELAk iragarri du salaketa jarriko duela Tolosako Iurreamendi, Zumarragako Argixao eta Ordiziako San Jose erresidentzien eta Gipuzkoako Aldundiaren kontra "langileen osasunerako eta bizitzarako eskubidea urratzea" egotzita. Gainera, Osakidetzak zaharren egoitzetan esku hartzeko deia egin du.
Sindikatuak jakinarazi du bihar aurkeztuko dituela salaketak Sozialeko Auzitegian, eta kautelazko neurriak eskatuko dituela enpresek erresidentzietako langileei NBE homologatuak helaraz diezaieten, eta langile guztiei testak "berehala" egin diezazkieten.
Era berean, "langileen osasuna bermatzen ez den egun bakoitzeko, zerbitzua kudeatzen duten enpresari isuna jartzea" eskatuko du ELAk.
Sindikatuak azaldu duenez, aurrerago beste erresidentzia batzuen aurka jarriko du salaketa, eta bide judiziala aukeratu du "eskakizunak eskakizun" langileek babes neurririk gabe eta guztiei testa egin gabe jarraitzen dutelako.
ELAk azpimarratu du egoera "dramatikoa" dela Iurreamendin, San Josen eta Iturbiden (Arrasaten), erabiltzaileen % 80 inguruk dutelako gaitza, eta langileen herena bajan dagoelako gaixotasunagatik.
Aldundiaren datuen arabera, 91 erabiltzaile hil dira Gipuzkoako erresidentzietan, eta hori "lurraldean covid-19arekin hil direnen % 70a" da, ELAren esanetan.