Gizartea
Migrazioa
'Aita Mari' ontziak 47 migratzaile erreskatatu ditu Mediterraneo itsasoan
Agentziak | Erredakzioa
Ontzia Maltan lehorreratzeko eta erreskatatutako migratzaileekin portura joateko baimenaren zain dago.
-
Italiatik Euskal Herrira bueltan zen "Aita Mari" ontzia. Argazkia: SMH.
Aita Mari erreskate ontziak 47 migratzaile erreskatatu ditu astelehen honetan Mediterraneoan, itsasontzi pneumatiko batean, Maltako kostaldetik gertu, Itsas Salbamendu Humanitarioa elkarteak jakitera eman duenez.
Ontzia Maltan lehorreratzeko eta erreskatatutako migratzaileekin portura joateko baimenaren zain dago. Horien artean konorterik gabe dauden sei pertsona eta haurdun dagoen emakume bat, eta ontzian mediku laguntza eskatu du kaltetuak artatzeko.
Migratzaileen txalupa pneumatikoak lau gau zeramatzan noraezean, eta goizeko lehen orduan aurkitu du Siziliako Sirakusako portutik atera den Aita Mari ontziak, Pasaiara (Gipuzkoa) joateko asmoz.
Abisua jaso ostean, erreskate ontziak norabidea aldatu du, eta, sei ordu baino gehiagoko nabigazioaren ostean, migratzaileak atzeman eta erreskatatu ditu.
Itsas Salbamendu Humanitarioa elkarteak jakitera eman duenez, beste 55 pertsona daude galduta Mediterraneoko beste patera batean, eta 85 pertsona hondoratuko ote ziren beldur dira. Era berean, beste 71 pertsona Siziliara iritsi direla uste dute.