Gizartea
KORONABIRUSA
27 hildako EAEn eta zazpi Nafarroan, azken orduetan COVID-19aren ondorioz
EITB.EUS
EAEn 246 dira kutsatu berriak, apirilaren 7tik izan den kopururik txikiena.
Koronabirusaren pandemia dela eta, 27 pertsona hil dira azken orduetan EAEn, eta hildakoak 831 dira jada. Bestalde, 246 positibo gehiago zenbatu dituzte EAEn azken 24 orduetan, apirilaren 7tik izan den kopururik txikiena.
Osasun krisia hasi zenetik, 831 pertsona hil dira EAEn, eta 11.018 kasu positibo zenbatu dituzte. Mikel Sanchez Eusko Jaurlaritzako Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariak azaldu duenez, egiaztatutako positiboen portzentajeak behera egiten jarraitzen du, eta atzo % 16ra jaitsi zen, orain arteko baxuena.
1.536 proba egin ziren atzo, eta, honez gero, pasa den astean egiten hasi ziren testak kontuan izanik, 38.800 proba burutu dira EAEn.
Ospitalizazioen kopuruak beheranzko joerari eusten dio, 1.352 lagun baitaude ospitalean, alegia, 34 gutxiago. Horrez gain, 5.026 lagun osatu edo ospitaleko alta jasota daude gurean.
Lurraldez lurralde aztertuta, Araban, 3.034 positibo daude, 212 ospitaleratuta. Bizkaian, 5.933 positibo daude, 862 ospitaleratuta. Gipuzkoan, 2.051 positibo daude, 278 ospitaleratuta.
Nafarroan, berriz, zazpi pertsona hil dira azken 24 orduetan COVID-19aren ondorioz, hau da, 239ra igo da hildakoen kopurua, eta 123 positibo berri zenbatu dituzte.
Epidemia hasi zenetik, Foru Erkidegoan 4.092 pertsona kutsatu dira guztira, eta, horietatik, 1.693k ospitaleratzea behar izan dute. Azken horietatik, 552 daude ospitalean gaur egun, etxean ospitaleratzeko asistentzia-modalitatea barne.
Izurritea hasi zenetik, 124 pertsona zainketa berezien unitatean sartu behar izan dituzte, eta horietatik 64k zainketa intentsiboetako unitateetan jarraitzen dute, Foru Gobernuak jakitera eman duenez.
Bitartean, 695 lagunek gainditu dute gaixotasuna.
Ipar Euskal Herria
Ipar Euskal Herriko egoera zein den zehaztea, berriz, ez da erraza. Agintariek ez dute Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoari buruzko datu ofizialik ematen. Pirinio Atlantikoko eta Akitania Berriko zifrak soilik eskaintzen dituzte.
Franck Dolosor ETBko kazetariak bildutako informazioaren arabera, koronabirusaren pandemia hasi zenetik, 18 pertsona hil dira Baionako eta Paueko ospitaleetan eta 166 positibo berri zenbatu dituzte. Akitania Berrian, aldiz, 190 dira hildakoak.
"Epidemia menperatu dugu gure lurraldean, baina erne egon behar dugu beti", azpimarratu zuen joan den ostiralean Eric Spitz Frantziako Gobernuaren ordezkariak.
Telefono bidez egin zuen agerraldian, eskerrak eman zizkien sendagile, garbitzaile eta etxean egoten diren herritarrei, bere hitzetan, konfinamenduari esker bizi bat salbatzen baita zortzi minuturik behin.
Asteburuan ere kontrol anitz egin dituzte Pirinio Atlantikoetako 50 tokitan eta bertan hartu dute parte 325 jendarmek eta 175 poliziak, armadako kideen laguntzarekin. Prefetak argitu duenez, helburua ez da herritarrak zigortzea, baizik eta biziak salbatzea. Milaka isun jarri dituzte jadanik, baina, oro har, zibismo handia erakusten dute departamenduko herritarrek.
Azken egunean Espainian izandako heriotzak 517ra jaitsi dira
Azken 24 orduetan, 3.477 pertsona gehiagok eman dute positibo koronabirusagatik Espainian, martxotik jasotako kutsatze kopuru txikiena.
Koroabirusa dela eta, 169.496 kasu positibo zenbatu dituzte astelehen honetan eta heriotzak 17.489 (517 gehiago) izan dira; horrek esan nahi du heriotza kopuruak behera egin duela igandearekin alderatuta, orduan 619 heriotza izan baitziren 24 orduan, Osasun Ministerioak argitaratutako azken datuen arabera.
Dagoeneko 64.727 pertsona sendatu dira.
Madrilgo Erkidegoak 47.146 positibo zenbatu ditu eta 6.423 hildako; Kataluniak, 34.726 postibo erregistratu ditu eta 3.538 pertsona hil dira. Era berean, Andaluziak 10.187 positibo eta 815 hildako ditu; Aragoik, 4.187 positibo eta 464 hildako; Asturiasek, 1.958 positibo eta 149 hildako; eta Balearrek, 1.550 positibo eta 117 hildako.