Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

ELA: "Ez zaie testik egin erresidentzietako langileen % 70i"

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Sindikatuak uste du adinekoen egoitzak ez direla "lehentasunezkoak" ez Eusko Jaurlaritzarentzat ezta hiru foru aldundientzat ere. LAB eta CCOO Euskadi iritzi berekoak dira.

  • Gasteizko Sanitasen erresidentzia jo du gogorren COVID19ak EAEn.

    Gasteizko Sanitasen erresidentzia jo du gogorren COVID19ak EAEn.

ELA sindikatuak salatu duenez, egin duten ikerketa batean ikusi dute adinekoen egoitzen % 80k "gabezia larriak" dituztela lan osasunaren arloan. "Gaur egun, profesionalen % 70 baino gehiagori ez zaie koronabirus testik egin kutsatuta dauden ala ez jakiteko, eta egoitzen herenetan baino gehiagotan, oraindik ez da desinfekzio orokorrik egin", salatu dute.

Datu horiek eskutan, sindikatuak uste du hirugarren adinekoen zentroak "ez direla lehentasunezkoak" Eusko Jaurlaritzarentzat ezta hiru foru aldundientzat ere, nahiz eta publikoki hala adierazi. Aitzitik, "gobernuen interesa funtsezko zerbitzu hori pribatizatzea eta gobernatzen duen alderdi politikoari lotutako enpresen esku uztea (EAJri erreferentzia eginez)" izan dela salatu dute eta "eta horiek, aldi berean, gero, multinazionalei edo putre-funtsei saltzen dietela, adinekoentzako aparkamendu bihurtuz".

Erresidentzietan bizi den dramari jarraiki, ETBk gaur kontatu du Ordiziako (Gipuzkoa) San Jose egoitzako egoiliarren % 80k eman dutela positibo:

Galdakaon, berriz, gutxienez 12 hildako daude Dousvi Aperribai egoitzan, eta beste 8 Balmasedako Las Laceras egoitzan. Dagoeneko 696 dira Bizkaiko erresidentzietan kutsatutako erabiltzaileak eta langileak.

Araban egoitzetan bizi ziren 95 lagun hil dira oraingoz krisi honetan, gehienak Sanitaseko San Martin zentroan.

Gipuzkoan, berriz, 76 lagun hil dira adinekoen egoitzetan. Gehienak Arrasateko Iturbide, Ordiziako San Jose, Tolosako Iurreamendi eta Donostiako Berran.

Nafarroan, COVID19aren ondorioz egoitzetan bizi ziren 71 pertsona hil dira.

Ildo beretik, LAB sindikatuak hilabete hasieran iragarri zuen "bide penala irekiko" zuela, adinekoen egoitzetako eta etxez etxeko laguntza zerbitzuetako langileen "bizitza arriskuan jartzen ari diren" egoerak salatzeko eta haien osasun eskubidea babesteko.

Halaber, Euskadiko CCOOk "proba masiborik" ez egitea leporatu Eusko Jaurlaritzari. "Osakidetzako langile guztiei egin behar zaie proba, baita egoitzetako langile guztiei ere, egoera kezkagarria baita".

Ohar baten bidez, sindikatuak "negargarritzat" jo du Osasun Sailaren kudeaketa, "Langileak prebentzio-material nahikorik gabe bidaltzen dituelako zentroetara".

Geriatria babesteko, testatzeko eta profesionalei laguntzeko materiala eskatu dute

Espainiako Geriatria eta Gerontologia Elkarteak eta Medikuntza Geriatrikoko Espainiako Elkarteak ere materiala, testak eta profesionalei laguntza emateko eskatu dute, koronabirusaren pandemiari aurre egiteko.

Elkarte medikoek ohar batean azaldu dutenez, ez dute egoitzetan izurriteari eusteko elementu nagusiak eskaintzeko gaitasunik (EPIak eta testak). Gainera, zentro horietako lan bajak ezin dituztela ordezkatu adierazi dute, eta egoitzetako mediku eta erizainen zerbitzua zentro horien kudeaketaz arduratzen direnek bete behar dituztela gogoratu dute.