Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Egunean 50 bat joan-etorri egiten ditu Ertzaintzak, etxez-etxeko osasun zerbitzuan

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Oraingoz, Gasteizen, Basaurin, Getxon, Mungian, Zallan, Balmasedan, Tolosan, Andoainen, Irunen, Deban, Eibarren, Zarautzen eta Errenterian ari dira etxez-etxeko arretarako langileei laguntzen.

  • Ertzaintzaren furgonetak.

    Trafikoko Unitateko lau plazako furgonetak dira etxez-etxeko zerbitzuan erabiltzen ari direnak.

COVID-19a dela eta alarma egoera ezarri zenetik, Ertzaintzak egunean, batez beste, 50 bat joan-etorri egiten ditu etxez etxeko bisitak egiten dituzten lehen-mailako arretako osasun langileak garraiatzen. Orain arte, era horretako 600 bat joan-etorri egin dituzte 24 ertzainek.

Segurtasun Sailak ohar bidez jakitera eman duenez, Gasteizen, Basaurin, Getxon, Mungian, Zallan, Balmasedan, Tolosan, Andoainen, Irunen, Deban, Eibarren, Zarautzen eta Errenterian ari dira etxez-etxeko arretarako langileei laguntzen. 

Hasiera batean, Arkauteko Akademian formakuntzan dauden agenteak hasi ziren zerbitzu hori ematen, baina gerora Ertzaintzako beste sail batzuetako kideak ere batu dira etxez-etxeko arreta eskaintzera.

Lan hori egiteko erabiltzen dituzten polizia-ibilgailuak Trafikoko Unitateko lau plazako furgonetak dira. Ibilgailuetako eserlekuak plastikoarekin estalita daude, eta ibilgailu guztiak desinfektatu egiten dituzte, gutxienez, egunean behin.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.